Azken bi urteotan, pandemia tarteko izan dela, berezko bideari eutsi dio LAUTAN HIRU antzerki-jaialdiak. Datak aldatu egin behar izan dira, ikuskizunak moldatu… Baina egitasmoak aurrera egin du, zailtasunak zailtasun.
Iazko edizioa urri samarra izan zen ikusleetan, baina aurtengoa 2019ko kopuruetara iritsi da ia-ia. Hala, sei antzezlan, txotxongiloen tailerra, bakarrizketak, ipuin-kontalaria, ikusle kluba, irakurketa dramatizatua, magoa… Denetarik izan da Bilboko Zazpikaleetan, eta guztira 400 antzerkizale baino gehiago bildu dira hainbat antzezlekutan.
Gogora ekarri behar da Euskaltzaindiak antolatzen duela jaialdia, Bilboko Udalaren babesarekin eta BIRA Kultura, Cafe Bar Bilbao eta Zazpikatu gaztetxearekin elkarlanean. Jaialdiaren helburuak ere jakinak dira: euskal antzerkilariei euren lanak erakusteko plaza berriak eskaini, euskarazko sorkuntza bultzatu eta Bilboko Alde Zaharrean euskal giroa sustatzea.