Covid 19ak eragindako gorabeheren ostean, ohiko jarduna berreskuratu nahi du Sarako Idazleen Biltzarrak. Horrela, aurtengo edizioa apirilaren 10ean eta 11n (profesionalen eguna) izanen da. Urtero bezala, Euskaltzaindiak ez du hutsik egingo, eta hiru liburu aurkeztuko ditu apirilaren 10ean.
Batetik, Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituaren antologia poetikoa agertuko du Akademiak Saran (Ene bertsoen bilduma / Recueil de versification. Sans rimes ni raisons.1951-2021). Bertan, gai anitz jorratzen ditu Peillenek, hala nola euskal kultura, Ekialdeko kulturak, gai mitologikoak, zahartzaroari buruzkoak...
Bestetik, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzain emerituak Nafarroako Blanca Trajeria-ri buruzko edizio bitxi bat ondu du. Pastoralak egiteko erabiltzen den testua da trajeria, baina, oraingo honetan, sarrera sakon bat egin nahi izan dio Davantek jatorrizko testuari. Honela, trajeriaren pertsonaia nagusiaren garaia, hots, Blanca I.aren erreginaldia (1425-1441) bere denborako giroan kokatu du.
Trajeria hau lehen predikuarekin hasten da eta ondoren 23 jelkaldi (jaikialdi) datoz, Davantek berak idatzitako zenbait kanturekin tartekatuz. Jaikialdien ondoren azken predikuarekin amaitzen da trajeria. Liburuaren azken partean, Davantek Zuberoa eta Nafarroako garai hartako harremanak bilbatzen ditu artikulu batean eta, azken-azkenik, eranskin gisa, Iruñea-Nafarroa erresumako errege-erreginen zerrenda eransten du.
Jean Elizalde Zerbitzari-ren Antologia
Jean Elizalde Zerbitzari (1883-1961) Azkainen jaio zen apaiz, euskaltzain eta idazlea izan zen, eta liburu interesgarri bezain mardul honetan, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak zertzelada sakonak eskaintzen dizkigu beraren bizitzaz eta, halaber –horretan datza argitalpen honen balio nagusia– Elizalderen idatzien hautaketa bat ondu eta aurkezten du.
Lanen antologia gai eta garai jakin batzuen arabera egituratu du Kaltzakortak: Gerla Handia (1914-1918); Bidaia-kronikak; Étienne Pellot itsas-pirata; Erlijio lanak eta Théophane Venard; eta Euskal pilota. Kaltzakortaren ustez, “gure literatura manualetan ez zaio behar bezalako tokirik eskaini Jean Elizalderen prosari”, eta gaineratu du “prosazko testu laburretan eta itzulpenetan punta-puntakoa” dela. “Gerla handiaz duen testua oso ederra da, Metsikorat zein Erromarat bidaia-kontakizunak ere lan bikainak dira, eta egindako moldapenetan maila ezin bikainagoa ematen du. Mixel Labeguerieren hitzak erabiliz, ‘idazle nekaezin eta paregabea’ da Zerbitzari. Gainera, erabiltzen duen “euskara eredua guztiz aberatsa eta miresgarria” dela aitortu du liburuaren paratzaileak, “irakurlea kontakizunean erabat murgilarazten duena”.