"Euskaltzaindiaren Jagon sailaren berariazko zereginetako bat da euskara zaintzea eta euskararen erabilera eta erabileraren eremuak zertan diren ikustea. Hori dela eta, Akademiak bere iritziak, kezkak eta eskaerak aurkezten ditu, adierazpen modura, botere publikoen aurrean nahiz jendaurrean, euskararen garapenerako bermeak kolokan jarri, kaltetu edo ukatzen direla ikustean.
Urteetan zehar egindako adierazpenen bilduma paperean kaleratu zen lehenbizi, 2006. urtean; adierazpenak 32 izan ziren. Bigarren argitalpena digitala izan zen eta Euskaltzaindiaren mendeurrenarekin batera, 2018an, ikusi zuen argia; adierazpenak 56 izan ziren. Mendeurrenaren harira, Sustapen batzordeak erabaki zuen, adierazpen berriak izan ahala, bilduma eguneratua ematea Akademiaren webgunean urte bakoitzaren amaieran. Hala egin zen 2019an, eta orain dator laugarren argitaraldia, zeinetan biltzen diren 2021. urtean egindako 58., 59., 60. eta 61. adierazpenak.
Hurrenkera kronologikoan zenbatuak aurkeztu dira. Denak izaera berekoak ez direnez gero, testu bakoitzaren hasieran txertatu den fitxan zehazten dira bakoitzaren ezaugarriak, hala nola arloa, gaia, testu-mota, testuaren emailea eta hartzailea, data eta hizkuntza.
Argitaraldi hau hiru formatutan prestatu da: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (bi azkenekoetan argitalpen osoa eskura daiteke)".
Euskaltzaindiaren Sustapen batzordea