Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan abiarazi zuen hezkuntza-egitasmoari gogotsu heldu diote Andoaingo Aita Larramendi ikastolan. “Orotara 53 ikaslek parte hartu dute erronkan, bi gelatan banatuta. Batxilergoko 1. mailakoak dira guztiak, alegia 16-17 urtekoak”, azaldu du Lierni Alkorta irakasleak. Otsailaren 2an egin zuten lehen saioa eta sei orduz jardun zuten zeregin horretan. Tarte horretan, Euskararen Herria Ehuntzen erronkak zehazten dituen jarduera nagusien segida bat osatu zuten (ezagutzak eskuratu eta abar), eta saioaren amaieran bidea eman zitzaion azken proiektu gisa egin beharko duten ikus-entzunezkoaren plangintza egiten hasteari, “bai, behintzat, ideia-zaparrada formatuan”, Alkortak berak zehaztu duen bezala.
Horrela, Andoaingo euskararen historia soziala aztertzea izango dute helburu ikasleek, hainbat arlori erreparatuz: hedabideak, kulturgintza, musika, literatura... “Guztira, 12 talde osatu genituen –esan du irakasleak–, eta talde horietako bakoitzak ikus-entzunezko bat osatu beharko du”.
Hurrengo saioak otsailaren 17an eta martxoaren 11n izango dira. Otsailaren 17an, webguneko eredu bat aztertzen, gidoia lantzen, elkarrizketak prestatzen eta ikertzen jardungo dute, eta martxoaren 11n, berriz, muntaia-lana egin beharko dute.
Azken saioa apirilaren lehen egunean egingo dute, eta egun horretan landutako ikus-entzunezkoak aukeztuko dituzte.