"(...) Badakit bat baino gehiago saiatuko dela Pelloren gorantza eta laudorio bidezko eta egokiak egiten, Euskal Herrian gizon ezaguna izan baita, estimatua eta handia bezain jakintsua, garai bateko Fernando Amezketarraren oinordeko zuzena. Baina nik ere, gaingiroki bederen, bizpahiru puntu ukitu nahi ditut bizkor eta arin.
Hasteko, a zer nolako hutsunea utziko duan Euskal Herrian, eta Arantzazun, bereziki, 2017an hil zen Iñaki Beristainek ez ezik. Izan ere, ezin dut imajinatu Beristain, Zabala eta horrelako fraiderik gabeko Arantzazurik.
Oraintsu bi urte heldu-edo zen pandemia malapartatuak hamaika kalte konponezin egin du, eta horietatik gaiztoentsuena ahaide asko, lagun eta adiskiderik onenak gure artetik eramatea izan da, seguruenik. Gogor erasan digu, geu salbatu izan bagara ere, ez dakit noiz arte. Argi dago, ordea, ez garela berdin izango, maite izan dugun pertsona askoren hutsartea ezingo dugula-eta gozatu. Horien artean sailkatuko dut Pello maitea.
Ez zen gogoratuko, agian, baina, 1962ko udaberrian, Loiolako Herri Irratian antolatu ohi genuen Bertsolari gazteen sariketahartan izan nuen nik Pelloren lehengo entzutea eta harremana, hamasei-hamazazpi urteko estudiante bertsozalea zela Arantzazun, hain zuzen. Igande eguerdiroko bertso saioaren ostean, gure irrati-entzuleei nork bere iritzia eman zezan eskatu eta, Pello eta haren beste zenbait ikaskideren botoa jasotzen hasi ginen astelehenero, txukun asko idatzitako bertso batean, eta oraindik ere gordeta dut bertso horietakoren bat. Geroztik, berriz, Gomistegiko otordu eta lagunarteak gogoan ditut, Nikolas Segurola handia, Iñaki Beristain eta beste zenbait lagunekin. Eta, nola ez, betiko bereziki bihotzaren barrenean txertatuta gelditu zaizkit Euskal Irrati-Telebistako Pelloren saio eta kolaborazioak, hain maitea zuen musika klasikoa eskuartean zuela moldatutako irratsaio atseginak eta, batez ere, meteorologiari zegozkionak, eguraldiaren berri txukun emanez, usadio zaharrek diotenez, otsail-martxoan etorriko omen diren zozomikoteak eta udaberri, uda, udazken eta negua tenporak eta bitarteko tekniko berriagoek ematen zizkioten xehetasunak elkarrekin jokatuz. Edozein eraso edo eguraldi zetorrelarik ere, Pello eguraldi-gizonarengana jotzen ohitu ginen, eta hark inoiz ezetzik ez.
Penaz eta dolorez, Pello Zabalari agur esatean, Arantzazuko Anaiarteari nire dolumin eta sentimendua opa diot, eta galdera samina egin: nork beteko du Pellok utzi duen hutsartea, elizkizunetan organoa jotzeko garaian, atariraino irten eta zer eguraldi datorren esan behar denean, hainbat bisitari lagun agurtzean eta abar? Badakit ordekoak beti izaten direla, baina hutsunea handitzen doa, eta hor dago gakoa.
Pello, goza ezak Iñaki eta aurrez joan diren beste guztiekin betikotasun handian. Nire besarkada".
Joxemari Iriondo
(Ohorezko euskaltzaina)
2022-02-03