Adibidez, EODAn Gartzia izena eta Naiara exotoponimoa aurki daitezkeen bezala, orain, ADOren bitartez, erregistro horiei arau-maila ematen dien Gartzia Naiarakoa errege-izena ere kontsulta daiteke. Era berean bila daitezke onomastika-arauetan eman diren leku-izen historikoak, pertsonaia historiko zein mitologikoak, artelanak eta halakoak ere.
Guztira, 8.500 erregistro jasotzen ditu corpus horrek, eta datuen bilaketarako bide ohikoak ez ezik, arau-zenbaki, izaera nahiz kokalekuaren bitartez ere jo daiteke datuetara.
Erregistro onomastiko bakoitzarekin batera, jatorrizko arauaren erreferentzia zehatza, testuingurua, izaera, kokalekua... eta halako informazioak ere ikus daitezke. Erakutsitako datu bakoitzetik erabiltzaileak jatorrizko araura eta erlazionatutako EODAko erregistroetara jotzeko aukera ere izango du.