Euskaltzaindiak 2007an abiatu zuen egitasmo garrantzitsu baten hirugarren emaitza aurkeztu du gaur bere egoitzan: hain zuzen, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu bilduma euskaraz (III). Proiektu honen helburua ez da sorreratik aldatu, hots, euskaldunon hizkuntza-eskubideak euskarri digital bakarrera biltzea eta hiztunek, legelariek eta ikertzaileek baliatzeko modua izatea.
2007ko lanari eutsi eta 2019an bigarren bertsioa aurkeztu zen, lan horrek berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituela, batez ere, testuen kopuruari eta argitalpenaren beraren formatuari zegozkionak. Iruñeko Baluarten agertu zen bigarren bertsioa, eta Euskaltzaindiak aurkezpenean bertan agindu zuen argitalpen hura aldian-aldian berrituko zuela. Horrela, 3. argitalpen berrikusi eta emendatu honen bitartez jarraipena eman nahi izan zaio 2007an hasitako bideari, eta zeregin horretan jardun dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Santiago Larrazabal legelariak eta Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazleak.
Argitalpen honen bereizgarri nagusiak hedadura geografikoari, edukiari, denbora-eremuari, antolaketari eta testuen kopuruari dagozkie.
Hedadura geografikoa
Arlo honetako berrikuntzarik garrantzitsuena Espainiako Erresumaren atalari dagokio. Izan ere, 2019ko 1. edizio digitalean, Espainiako Erresumako Gorteek, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak hizkuntza-zuzenbidearen inguruan onetsitako testuak argitaratu ziren. Oraingo 2. argitaraldi elektroniko honetan, berriz, Espainiako Erresumako gainerako autonomia-erkidegoetako parlamentuen legeak ere barruratu dira, legeok hizkuntza-eskubideak aldez edo moldez ukitzen dituztenean.
Edukia
Alde batetik, hizkuntza-eskubideen alderdi pertsonala arautzen duten legeak sartu dira, hizkuntza-eskubide kolektiboak arautzen dituztenez gainera. Bestetik, hizkuntza-eskubideak xede-eskubide dira batzuetan, baina tresna-eskubide ere badira besteetan; horrela, hizkuntza-eskubideak beste eskubide batzuk babesteko lanabes dira (giza duintasuna, kontsumitzaile-izaera…).
Hirugarrenik, estatuaren, autonomia-erkidegoen eta erregioen testu instituzionalak ekarri dira argitalpen honetara, testu horien araudiak hizkuntza-eskubideak ukitzen dituztenean (HABEren legea, esaterako). Laugarrenik, hizkuntza-zuzenbideaz at, lege-testuak eta nazioarteko hitzarmenak sartu dira aldez edo moldez gizabanakoen hizkuntza-eskubideak ukitzen dituztenean. Azkenik, gaztelaniazko eta frantsesezko testu elebakarrak euskaratu egin dira.
Denbora-eremua
Argitalpen elektroniko honen beste ezaugarri bat denboraren eremuari dagokio. Izan ere, ez dira 2019tik aurrerako testu berriak bakarrik sartu, ezpada, lehenagoko testuak ere bai, hizkuntza-eskubideek, haien zuzeneko gai izan ez arren, testu horien eremu subjektiboko pertsonak ukitzen dituztenean. Horrela, berbarako, Frantziako Errepublikako 1924ko lege bi ekarri dira bildumara, Lehen Mundu Gerra amaitu ostean, Frantziak hartutako lurralde batzuetan legeria zibil frantsesa eta merkataritza-arloko lege frantsesak indarrean jarri zituztenak.
Antolaketa
Hainbat modutan antolatu dira Espainiako Erresumako testuak eta Frantziako Errepublikakoak. Lehenengoaren kasuan, hurrenkera kronologiko hutsa erabili da; bigarrenarenean, ostera, alde batetik kodeak antolatu dira epigrafe baten barruan alfabetoaren hurrenkerari jarraituz (Kodeak), eta legeek, beste epigrafe batera bilduek, hurrenkera kronologikoari jarraitzen diote (gainerako lege-testuak).
Testuen kopurua
Kopurua da 2019ko argitaralditik honako aldaketarik ikusgarriena. Irakurlea aldaketa honen izariaz kontura dadin, jarraian emango ditugu zenbakiak, argitaraldi biak elkarrekin erkatuz:
- Lehenengoz, Europar Batasunaren atalean testu bi gehiago sartu dira, eta 14 testutik 16ra igaro da.
- Bigarrenez, Espainiako Erresumako Gorteei dagokienez, berriz, testu batetik 84 testura pasatu gara.
- Hirugarrenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren testuak 26tik 69ra igaro dira, 43 testu gehituta.
- Laugarrenez, Nafarroako Foru Komunitatean testuak 3tik 35era pasatu dira, 32 testu erantsita.
- Bosgarrenez, Espainiako Erresumako gainerako autonomia-erkidegoak dira, zalantza barik, aipagarrienak. Egin-eginean ere, 2019ko argitaraldian ez zen eremu horretako testurik sartu, eta oraingoan, berriz, 470 lege-testu sartu dira.
- Azkenik, Frantziako Errepublikaren lege-testuak 8tik 99ra igaro dira; testu horietatik, berriz, 37 kodeak dira, eta beste 62ak legeak.
Laburbilduz, 2019ko argitaraldian, 94 testu jasotzen ziren, argitaldari elektroniko honetan, berriz, 786 testu jaso dira. Hau da, 692 testu berri erantsi dira argitalpenean.
Irakurlea aldaketa honen nondik norakoez errazago kontura dadin, beste datu hauek emango ditugu, paperezko edizioa egin balitz bezala. Horretarako, ondoko lauki hau erantsiko dugu:
Itema (2021-09-30) |
HZ2 (2019) |
HZ3 (2021) |
Orrialdeak |
199 |
1.714 |
Hitzak |
40.488 |
310.484 |
Karaktereak tarte barik |
316.786 |
2.483.082 |
Karaktereak tarteekin |
355.136 |
2.775.337 |
Lerroaldeak |
2.239 |
19.274 |
Lerroak |
5.954 |
50.332 |
Oin-oharrak |
109 |
935 |
Euskararen estandarizazio eta batasunaren ikuspegitik, 2019ko argitaraldirako erabilitako irizpide eta oinarri berberak ezarri dira oraingo argitaraldi elektroniko honetan ere, ordutik hona hartutako erabakien ondoriozko aldaketak sartuz.
Gauza bera esan daiteke terminologiari dagokionez. Izan ere, ahalegina egin dugu bertsio guztietan terminologia bera erabiltzeko. Areago, 1980ko hamarkadako testuak eguneratu egin dira morfologiaren, joskeraren eta terminologiaren ikuspegitik.
Aurreko argitaraldietan (2007koan eta 2019koan) egin zen moduan, oraingo argitalpenean ere Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak Administrazio Publikoko langileentzat emandako irizpideak hartu dira kontuan.
Argitaraldi honek hiru formatu ditu: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (azken formatu biotan argitalpen osoa eskura daiteke).
2019ko edizioan egin zen bezala, bilaketa zabalak egin daitezke bigarren argitaraldi digital honetan, bai eta bilaketa murriztuak ere, eta, gainera, bilaketen emaitzak batera agerrarazi. Eginkizun hori erraztu eta zehatzago egin ahal izateko, 35.702 bilatzaile gordin landu dira.