Euskal Herriko zein kanpoko historiografian modu askotara eman dira Victoria itsasontziko kapitainaren izen-deiturak. Elkano Fundazioak, horien euskal idazkera jakin nahian, irizpena eskatu zion Euskaltzaindiari.
Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak, 2021eko urriaren 27an egindako bileran, aho batez onartu zuen Juan Sebastian Elkano idazkera.
Idazkera horren alde egiteko arrazoietako bat da Elkano deitura euskararen ondarekoa izatea. Gainera, ez dugu ahaztu behar badela Aia eta Zarautz artean Elkano auzo-izena, eta Nafarroan ere badugula Elkano izeneko kontzeju bat, Eguesibarren.
Euskal Herrian aspalditik, eta urte luzez, jatorria adierazten zuen erdarazko “de” preposizioa erabili izan da ponte izenaren eta deituraren artean. Euskal grafia akademikoan “de” horrek, salbuespenak salbuespen, ez dauka lekurik.
Datorren urtean, adierazitako izen-deitura horien aldeko irizpenak oinarri duen Josu Larrañagaren lana argitaratuko du Euskaltzaindiak Euskera agerkarian.