"Zuberoa Basabürü eskualdeko Etxebar herrikoa, Maule-Lextarren bizi zena, euskaltzain urgazlea genuen. Gazte-gaztetik euskararen eta Euskal Herriaren aldeko langile porrokatua, abertzalea, Zuberoako hautetsia, zubereraz eta batuan idazle zorrotz bezain oparoa, kazetalaria, itzultzailea, hitz galduen bila zebilen eta irratiz berpizten zituen. Liburuak ere idatzi ditu, bereziki Züberoa Herria lodia, gu bien izenean agertua, baina berak egina zuen hamarretarik zortzia.
Euskararen zerbitzurako elkarlanetan parte handia hartzen zuen, bereziki Sü Azia zuberotar elkartean eta Euskaltzaindiko batzordeetan.
Galtze handia dugu Zuberoa txikiarentzat, eta zabalkiago Euskal Herri osoarentzat ere, horren zerbitzari sutsua baitzen, eta bien arteko zubi fidela. Badakik, Allande laguna, zinez dolu dauiat. Ago bakean eta gure oroitzan, baita otoitzan ere. Hihau ez fededuna izanarren, besteen sinestea zinez errespetatzen huen, eta hire azken epaiak ez didak beldurrik ematen, San Matiu ebangelistaren arabera besteei eginiko laguntza baitu kriterio bakarra. Beraz alde horretarik lasai niagok, penaren gainetik.
Goian bego Allande Socarros. Doluminik bizienak familiari, lagunei, herritarrei eta Euskaltzaindiari".
Jean-Louis Davant
(Euskaltzain emeritua)