"Allande Socarros etxebartar euskaltzale handia joan zaigu. Galtze handia da Zuberoa eta euskararendako. Bere bizi osoa euskarari eta Euskal Herriari eman die, izan dadin luzaz kazetari gisa, Zuberoako euskararen aldeko mugimenduan aitzindari, artikulu eta liburu andanaren egile gisa edo Etxebarreko zinegotzi eta Xiberoa Herri Alkargoko lehendakariorde gisa.
Allandek, baina, ez zuen anitz sinesten politika instituzionalean. Gure euskal gizartearen ezagutza handia zuen, zuberera eta euskara batua izigarri ontsa menperatuz. Zubereraz erraten den bezala, espiritü fi eta zorrotz zen, arraileriant.
Allande euskaltzain urgazlea zen eta hor ere ekarpen oparoa egiten zuen partaide zen lan batzordeetan. Gugan bego".
'Battittu' Coyos
(Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaria)