"XXVI. Jagon Jardunaldia prestatzeari ekin zionean, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak ikusgarritasuna eman nahi izan zien Nafarroako hezkuntzan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko abian diren esperientzia batzuei, eskola barneko lanean, bai eta eskolaz kanpokoan ere, besteak beste, aitortza modura. Bistan denez, jardunaldiotan aztertutakoak ez dira dauden guztiak, Nafarroako hezkuntzako eragileak etenik gabe ari baitira berrikuntzan, euskara eta euskal kultura biziberritzeko ahalegin kolektibo saiatuan, beste hizkuntza batzuen ezagutza ere segurtatzen dutela.
Ezagunak dira euskara ardatz duen hezkuntza sistemaren alde Euskaltzaindiak hainbatetan egin dituen deiak eta, orobat, norabide horretan erakutsi duen engaiamendua. Hala berean, zenbaitetan aipatu da eskola ez dela nahikoa, hizkuntza biziberritzeko ahalegin hori ez baita bide bakarrekoa. Gaurkoan ikusi ahal izan dugu hori! Euskarak eremu ez-formalak (jostalekua, karrika, aisialdia, kultura, kirola, lan-mundua eta abar) behar baititu hiztunak ohikotasunez euskaraz bizi daitezen! Euskara biziberritzearen azken xedea euskaraz arrunki bizitzea baita!
Bi-biak behar ditu euskarak, eskola barneko eta eskolaz kanpoko jardun indartsua; ahalegin hori ez doa inoren kontra, denon mesederako da eta. Ezagutzak aberasten gaitu, aukera berriak irekitzen ditu, bizikidetzan eta gizartearen kohesioan ekarpena egiten du. Ezagutzen ez denak, aldiz, mugatzen gaitu eta ikuspegia eskasten!
Hartara, bizi garen mundu globalizatu honetan, hizkuntzak jakiteak aukera berriak ireki ohi dizkigu, betiere, geure-geurea denari uko egin eta bazterrean utzi gabe. Horrela, Euskaltzaindiak eskertu nahi du hezkuntzaren arloan euskara biziberritzeko egin den ahalegin berebizikoa, aspalditik datorrena eta iturri anitzetatik elikatu dena. Orobat, eskertu nahi du gurasoen eginahala eta dei egin nahi die euskara ardatz duten ereduen aldeko apustu sendoa egiten segi dezaten. Nafarroako herri-erakunde guztiei ere dei egin nahi die Euskaltzaindiak, gurasoen nahiari baikortasunez erantzun diezaioten eta euskara biziberritzearen aldeko engaiamendua berrets eta indar dezaten. Era berean, bat egin dezagun denok behinola euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez zekien Bernard Etxepare idazle nafarrak 1545ean egindako aldarrikapenarekin; eraman dezagun euskara dantzara, plazara eta mundu osora".
Euskaltzaindiaren Sustapen batzordea
Iruñean, Kondestablearen Jauregian, 2021eko azaroaren 19an.