Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek ondo ezagutzen zuten ostiralean zendu zen Ramuntxo Camblong ingeniari eta euskaltzain urgazlea. Tartean, Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak. Davantek bere profil langile eta porrokatua azpimarratzen du: “Lapurdiko Makea udalerrian sortua, noizbait angeluar bilakatua, Ramuntxo Camblong laborari semea zen, mundu apal horretarik unibertsitatera heltzeko zoriona eduki zuen lehen belaunaldikoa. Bere zorra Euskal Herriari ordaindu nahiz, Paris utzi zuen hemen plantatzeko, eta militantzian goizik sartu zen, bereziki Enbatan: hor ezagutu nuen 1963an (...)". Camblong-ek politikan eta kulturan eginiko ahaleginak ere gogoratzen ditu Davantek: "Politikan jardun zuen, are gehiago kulturan, euskal luma ona lagun, eta naski elektronikako ingeniari bezala industrian lan egin. Arrasateko kooperatibismoa 1964tik miretsiz, Iparraldean ezagutarazi zuen, eta gero bizitza osoan praktikan jarri lantegi eta erakunde andana batean". "Gizon argia eta fina" zela gogoratzen du Davantek, "alaia eta ber denboran serioa, sutsua baina diplomata, lagunkina, familian ere gozoa itxura guztien arabera. Oroitzapen bikainik uzten digu, eta penak araberan".
Henri Duhau ohorezko euskaltzainak ere bizipen ugari gordetzen ditu, aspaldi ezagutu baitzuen euskaltzale lapurtarra, FR3 Pays Basque irrati etxean, hain zuzen: "Orain dela 55 urte pasa ezagutu nuela Ramuntxo. Harremanak haatik bakanak, baina beti goxoak izan ditugu. Elkarrekin gertatu ginen FR3 Pays Basque/ Euskal Herriko irrati etxea-n hizlari. Hura aspalditik ari zen, ni aldiz berria nintzen: 1980-1981 urteak ziren. Garai hartan, egunean bost minutu bakarrik zabaltzen ziren euskaraz baina, irrati bakarra izanik, arrakasta gaitza zuen: 85.000 entzule inguru. Hura asteartetan zen hiztun; ni asteazkenetan. Ordea, arrakasta zerbait lortu nuen eta lau hilabeteren buruko, kanporatu ninduten eta ez nornahik: Parisko buru handienetarik batek. Egia da ere prefeta eta Giscard bera ere kilikatu nituela...". Eta azpimarratzen du une horretan Ramuntxo izan zela "hizlari lagunetan bakarra" elkartasuna erakutsi ziona.
Enpresaria ere bazen Camblong, baina bere inguruarekin eta gizartearekin konprometitua: "Beti errepikatzen zuen kontent zela bere aita zenak emanik enpresari gogoa. Ni ere enpresari nintzen, enpresari txiki, baina enpresari, eta harekin osoki bat nengoen. Kooperatibismoaren bultzatzaile handi bat izan zen". Enbata aldizkarian ere elkarrekin izan ziren Duhau eta Camblong, eta, azkenik, orduko gomutak aipatzen ditu Beskoitzeko euskaltzainak: "Enbatan geundelarik beti hitz onekoa ezagutu dut. Gero hortik doi bat urrundu zen EA-rat, gero EAJ-rat. Bertze askok bezala, Iparraldeko egoera instituzionalak ez dio aukerarik eman bere ahalen baliatzeko politika alorrean, hautetsi gisa".