Bakar-bakarrik egin nuen Urepeleko joan-etorria egun hartan, nire UHER grabagailua bizkarretik zintzilika nuela, egun seinalatuan zehar zer jaso eta bilduko nuen, Urepelekoak gero Loiolako Herri irratian emateko ohitura genuen bezala.
Antonio Zavala, Fernando Artola Bordari, Joxe Mari Aranalde, Joakin Berasategi, Mitxel Labeguerie, Mitxel Itzaina, eta hainbat eta hainbat Xalbadorren lagun min ikusi eta agurtu nituen hara heldu bezain azkar.
Gero, meza Urepeleko elizan, eta Odolaren mintzoa liburuaren lehenengo aurkezpena egin zen, mintzaldiz eta bertsoz edertuta. Esku artean erabili nuen liburuaren ale bat, baina bizpahiru egun barru jasoko nuela eta lasai egoteko eskatu zidan Joakin Berasategi jaunak, inprimategian atzeratu egin omen zirela eta bizpahiru ale bakarrik eraman zituztelako, ezinbestean.
Xalbador pozik zegoen, baina aldi berean oso urduri eta kezkatsu: “Ez dakit ba, ez dakit gehiegi ez ote naizen biluztu, inoiz esan eztudanak esan baititut liburuan. Badakizu, bero-beroan ainitz gauza esaten duzu, eta gero…”, aitortu zidan, serio.
Aurkezpena, hitzaldiak, gorespenak eta Xalbador hantxe pozik eta nora begiratu ez zekiela eguerdi luze eta jendetsuan. Jendetza handia bildu zen herriko ezkerparetan bazkaltzen eta bazkalondoko bertso saioan. Oholtzan, berriz, Xalbador bera eta hura goratu nahi zuten bertsolariak: Alkat, Enbeita aita-semeak, Klemente Ezkurdia, Elgetzu, Joxe J. Mitxelena, Ezponda, Mattin, Xanpun, Agirre, Egileor, Lazkao txiki, Lazkano, Joxe Lizaso, Azpillaga, Lopategi… Uztapidek idatzita bidali zuen bertsoa Mitxel Itzaina gai-jartzaileak irakurri zuen.
Jaialdi osoa jaso nuen, laster irratian gure entzuleei emateko, baina ustekabeko mingotsa erantsi behar izan nion arratsalde hartako grabazioari, zorigaiztoz. Izan ere, bertso saioa amaitzear zela, balantzaka-balantzaka jaitsi zen Xalbador eserita zegoen tokitik. Nekatu al zen galdetu eta, “eniz ondo, eniz ondo”, erantzun zidan. Bertsolarien azkenengo agur denak amaitu baino lehentxeago, nire tramankuluak hartu eta etxerantz abiatu nintzen, hango jendetza mugitzen hasi baino lehen, badaezpada ere, gero bidean oztopo asko izateko beldurrez.
Baina bidean nentorrela, beti bezala irratiari adi, albiste tristea jaso nuen: Xalbador bertsolaria hil omen zela, noiz eta bere omenaldi egunean. Eta, etxera baino lehen irratira joan, bati eta besteari dei egin eta xehetasun batzuk bildu bezain azkar eman nuen notizia tristea. Hori dela eta idatzi zuen nonbait Luxio Gabiria bertso-jartzaileak gero Goiz-Argi astekarian argitara eman zuena:
Egun alaia goizetik, baina iluntzerako tristea.
Guztia hola gertatu zala gogorra zan sinistea.
Euskal Herriko hegaletara komeni zen iristea:
Herri irratiz zabaldu zuten Urepelgo albistea.
Hileta egunean berriro ere txiki gelditu ziren Urepeleko eliza eta inguruak, han baitziren Xalbadorren lagunak, Euskaltzaindiko eta Eskualtzaleen Biltzarreko ordezkariak, Auspoa eta Sendoa, bertsolariak (21 kontatu nituen) eta kontaezin ahala bertsozale, nahiz eta eguraldi hezea eta tristea zen. Elizaren atzealdeko kaxko batetik, ttakun-ttakun, ttakun-ttakun txalapartaren hots pausatua, eta eliza jendez gainezka. Aldarean, Emile Larre, Piarres Lafitte, Joxe Mari Aranalde, Antonio Zavala, Mikel Atxaga, eta zeremoniaburu, Baskanz jaun erretore hizlari aparta:
Penetan da etxea, penetan auzoa,
horiekin batean, herri bat osoa,
gizon baten galtzea ez baita gozoa.
Guztiz gizona baitzen, zu bezalakoa.
1977az geroz, Eskualtzaleen Biltzarrak antolatu zuen Urepeleko jaialdia lehenengo urteetan, Xalbadorren gorantzan; gero, Joxe Mari Aranaldek hartu zuen aginte-makila, eta, 2004az geroztik, Deiadarra taldeak urtero gogoratu eta omendu izan du Fernado Aire Etxart Xalbador handia, Urepelen, 2020an eta 2021ean izan ezik, pandemia madarikatuak moztu baitzituen asmoak eta helburuak. Urte bi horietan ezin izan dugu konplitu Lopategik hiletakoan kantatu zuena: “Sortuko diren lore ederrakin, gaur egiten dautzut promes/ urte guztitan etorriko naiz Urepelera erromes”.
Hala ere, Xalbador bertsolaria miresten eta goratzen jarraituko dugu, urtero ez ezik egunero, nahiz eta idatzita utzi zuen:
Ene izena egun gora badabila
zerengatik den ezin asmatuz nabila.
Herri hunentzat nehoiz ez dut egin mila.
Ene zerbitzua zen zerbitzu umila;
ez nindabilen segur sari hauen bila.
Joxemari Iriondo
(Deiadarrako kidea eta ohorezko euskaltzaina)