Prentsaurrekoan, Jon Casenavek esan zuen bere liburuak bi helburu nagusi dituela: “Alde batetik dago helburu historikoa; eta bestetik historiografikoa, lan honetan gogoeta bat egiten delako aipatzen diren liburu horietan agertzen den egin-molde historikoari buruz”.
Davantek ere gogotsu hitz egin zuen agerpenean, bere azken lanaren ezaugarriak azpimarratu zituela. Batetik, Jean de Jaurgain (1842-1920) Zuberoako jauntxo txikiaren profila ezagutzeko aukera ematen du liburuak; bestetik, Jaurgainek idatzitako lan bitxi baten itzulpena dakar. 1899an, Jaurgainek xiberotar ahozko literaturaren sei kondaira poetiko idatzi zituen Quelques légendes poétiques du Pays de Soule liburuan, eta hain zuzen horiek dira Davantek euskarara ekarri dituenak. “Liburu bitxia da orain euskarari eman dioguna -azaldu zuen jendaurrean euskaltzain emerituak-. Sei kondaira poetiko horiez gain, Jean de Jaurgain nor zen azaltzen saiatu naiz, haren bibliografiaren eta kondaira horien iturrien berri emanez”.