Euskararen batasunaren hasierak ziren eta eztabaida ugari zegoen bazterretan. Hala ere, argi genuen gure hizkuntzak aurrera egitekotan ezinbestekoa genuela euskara jantzia eta era berean ulergarria izatea. Lankide izateaz gainera, adiskide egin ginen. Ezagutuz gero, bizitza osorako egiten den horietakoa zen.
Geroago, hainbat alditan elkarrekin bidelagun izateko zoria izan dugu. Gizon apala eta jatorra. Euskara benetan maite zuena. Eta Aulesti aldean egonaldiak egiten zituenetik bizkaiera barru-barrutik maite zuena. Horrek bultzatu zuen Mendebalde Kultur Elkartean gogotsu jardutera. Herritarren ahotik entzundakoak jaso eta aurreko gizaldietatik gugana heldutako altxorra maitasun handiz gordetzeko benetako ardura zuena. Itsaso inguruetako euskara ere maitatzeaz gainera, apartekotasunez jasotzen saiatzen zen.
Azken urte hauetan Euskaltzaindian Euskalkien batzordean elkarrekin lan egiten jardun izan dugu. Oso gogotsu eta ardura handiz prestatzen zituen bere ekarpenak. Batzordeko taldekideok berbaren bat, eremu txikikoa zelako edo, baturako onartzen ez genuenean, barruko kexa agertzen zuen. Euskaraz erabilitako berba guztiak jaso nahi zituen.
Baina, izan dut beste harreman estuagoa ere berarekin. Euskararen aldeko hainbat ekitalditan elkarrekin solasaldiak izateko aukerak baliatuz, ADOREZ hiztegietan parte hartzera ekarri genuen azkenaldian. Euskara ongi menperatzen zuten pertsonak behar genituen eta horretarako aproposa zen Kaxildo. Bere izena betiko geratuko da aipatua gure laguntzaileen artean gure Eskola Hiztegia eta Hiztegi Praktikoa hiztegi moderno bikainetan.
Pertsona irekia, elkarrizketa gozokoa, lagunen lagun zintzoa, kirolzale handia, euskararen maitalea izan dugu Kaxildo. Aurrerantzean beti gogoan izango dudan lagun on bat gutxiago izango dut. Agur, Kaxildo adiskidea, Jainko Aitaren etxean batu eta zoriontsu elkar besarkatu arte".
Patxi Uribarren Leturiaga
(Euskaltzain emeritua)