Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu dira gaur Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sari-emate ekitaldian, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduradunak parte hartu dute. Iaz bezala, Eusko Jaurlaritzak COVID 19aren hedapena galarazteko ezarri dituen segurtasun neurriak zorrotz errespetatu dira ekitaldi osoan.
Urtero egiten duen bezala, irabazleak zoriondu ditu Andres Urrutiak, eta ondoren eskerrak eman dizkie guztiei, eta agindu die Euskaltzaindiak “euskal letrak sustatzen” jarraituko duela etorkizunean, “gazteen artean euskarazko literaturaren harra piztu nahian”. BBKko Koldo Bilbaok ere izan ditu hitz batzuk sarituentzat. “Gaurkoa egun handia da gure hizkuntza eta literaturgintzarako. Belaunaldi honetaz oso harro egoteko eguna da”, adierazi du Bilbaok, eta behe-behetik lan egitearen garrantzia aipatu du: “Harrobia lantzen gabiltza, etorkizuna bermatuko digun harrobia, harrobirik gabe iragana baino ez zaigulako geratzen. Bertsolaritzan, arte plastikoetan, antzerkigintzan edo eta musikan, harrobiak ardatz eta helburu behar du izan BBKrentzat”.
Akademiak berak eta BBK-k 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikoak:
- A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni.
- B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Aurten, epaileek aitortu dute “ezuste handia” hartu dutela, parte-hartzaileen artean sumatu duten heldutasunak harrituta. A mailako epaileek, gainera, gaiak jorratzeko joera “positiboagoa” ikusi dute: “eskola-jazarpenak eta antzekoek atzera egin, eta esan daiteke bizitza, itxaropena, etorkizuna... nagusitu direla eskuartean erabili ditugun idatzietan”. Gazteek “hausnarketa-maila” handia erakutsi dutela gaineratu dute.
B mailan ere antzerako zerbait gertatu da, hots, “bizitza kontatzeko grina” sumatu dute epaileek idazle gazteengan: “Bizirik daudela oihukatu dute, isil bezain ozen”. Ildo horretan, gailendutako lanak “taupada idatziak” direla adierazi dute epaileek, idazle gazteak ahalegindu direlako “kontatzen, esaten, aldarrikatzen, aitortzen, oihukatzen...”
A MAILAKO sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Argi izpiak. Egilea: Maria Illarramendi (Urola Ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Abandonatutako estazioaren kondaira. Egilea: Elene Aizpurua (Iraurgi Ikastetxea, Azpeitia - Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Kolore dantza. Egilea: Maren Herrera (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
- Aipamen berezia: Ez naiz hiltzearen beldur. Egilea: Irati Zuntzunegi (Seber Altube Ikastola, Gernika - Bizkaia).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Insomnio gauak. Egilea: Irati Hierro (Urola Ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Bidaian. Egilea: Amaia Zabala (Seber Altube, Gernika - Bizkaia).
- Hirugarren saria: Bakardadea. Egilea: Ane Mugica (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
B MAILAko sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Talde-lanak ekarritako galdera. Egilea: Iker Niño (Udarregi Ikastola, Usurbil - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Elena Barrutia. Egilea: Lutxi Iribarren (Bernat Etxepare Lizeoa, Baiona - Lapurdi).
- Hirugarren saria: Zapatatxo zuriak. Egilea: Irene Garcia (Lauro Ikastola, Loiu - Bizkaia).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Munduari azaleratu. Egilea: Uxue Armental (Pasaia-Lezo Lizeoa, Pasai Donibane - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Izanak. Egilea: Uxue Perez (Beasain BHI, Beasain – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Gefangen. Egilea: Ander Segarra (Lauro Ikastola, Loiu - Bizkaia).
Harrobi emankorra
Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.
Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2020)
2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014 (75) / 2015 (88)
2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353)