Real Academia Galega, Euskaltzaindia eta Institut d'Estudis Catalans erakundeek adierazpen bateratua argitaratu dute gaur, hizkuntzek hezkuntzan eta gizarte-esparru guztietan izan behar duten lekuari buruzko eztabaida publikoa argitzen laguntzeko asmoz. Adierazpenean azaldu dutenez, galizierak, euskarak eta katalanak «presentzia indartua behar dute eskolan, berezko hizkuntzen etorkizuna ziurtatuko bada, eta horrek ez diola ekarri, ez ekarriko, inolako kalterik gaztelaniaren gaitasunari». Hala berean, «Espainiako Estatuak zaindu eta jagon beharreko aberastasuntzat hartu behar duela hizkuntza-aniztasuna; ez, ordea, baztertu behar den arazotzat» adierazi dute aipaturikoen lehen adierazpen bateratuan. Horietako bakoitzak ordezkatzen duen hizkuntzaren zaintzari eta sustapenari loturiko erantzukizuna, ofizialki aitortutakoa, baduten hiru erakundeek Estatuko erakundeentzako aholkularitza-eginkizuna aldarrikatu dute, eta eztabaida «publiko, informatu eta arrazional» batean parte hartzeko prest daudela agertu dute, «elkarrekiko begirunearen eta hizkuntza-komunitateen arteko bizikidetzaren mesedetan».
Erakunde sinatzaileen aburuz, autonomia-printzipioarekin bat etorriz, berezko hizkuntza ofizialki aitortuta duten erkidegoetako hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araubideak dena delako erkidegoaren eskumen esklusiboa izan behar du, eta horrek «berezko hizkuntza guztien eta gaztelaniaren gaitasun osoa eta berdina bermatzera» bideratuta egon behar du. Hala eta guztiz, autonomietako araudiek helburu hori jaso arren, gaztelaniaren gaitasuna erabat bermatu da aplikatu diren ereduetan, baina eredu orok ez du helburu bera bermatu katalanarentzat, euskararentzat eta galegoarentzat. «Ikerlan eta ebaluazio fidagarrienek, bai eta katalana, euskara edo galegoa berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan egin diren askotariko esperientziek frogatu dutenez, hizkuntza horien etorkizuna normaltasunez ziurtatu nahi bada, katalanak, euskarak eta galegoak presentzia sendoa behar dute hezkuntza-sisteman eta horrek ez dio orain arte inolako galerarik ekarri gaztelaniaren jakintzari, ezta hemendik aurrera ekarriko ere», nabarmendu dute testuan
Real Academia Galega, Euskaltzaindia eta Institut d 'Estudis Catalans erakundeek, botere publikoei berezko hizkuntzen inguruko gaietan aholku ematen dieten entitateak diren aldetik, Estatuko erakundeek kontsulta egin diezaieten galdatu, eta haien esanetara jarri dira. «Eztabaida publiko informatu eta arrazoizko batean parte hartu nahi genuke, Espainiako Estatuko hizkuntza-komunitateen eta hiztunen arteko begiruneari oratu eta elkarrekiko bizikidetza ahalbidetzeko. Izan ere, Espainiako Estatuak gorde eta sustatu beharreko aberastasun moduan hartu beharko luke hizkuntza-aniztasuna, ez baztertu beharreko arazo gisa», ebatzi dute.
Adierazpena Akademia desberdinetako buruek izenpetu dute, hots, Victor Fernández Freixanes-ek (Real Academia Galega), Joandomènec Ros i Aragonès-ek (Institut d´Estudis Catalans) eta Andres Urrutiak (Euskaltzaindia).