Urtarrileko lehen Osoko bilkura egiteaz batera, Euskaltzaindiak aurreko urtean hildako euskaltzainak omendu ohi ditu urtero-urtero. Ohiturari jarraituz, iaz zendutako Jean-Baptiste Etxarreni, Angel Ibisateri, Pierre Andiazabali eta Joan Mari Torrealdairi gorazarre egingo die Akademiak, baita 2019ko abenduan zendutako Juan Antonio Letamendiari ere.
Bihar izanen da ekitaldia, Tabakalerako Kutxaren Kultura egoitzan (Donostia) egingo den Ageriko bilkuran. Goizeko 10:00etan hasiko da Osoko bilkura, Tabakaleran bertan, eta 12:00etan bost euskaltzainen hilberri-txostenak irakurriko dira Ageriko bilkuran: Jose Antonio Mujika euskaltzain urgazleak irakurriko du Juan Antonio Letamendia euskaltzain urgazlearen hilberri-txostena; Jean-Baptiste Dirassar ohorezko euskaltzainak irakurriko du Jean-Baptiste Etxarren euskaltzain urgazlearena; Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazleak Angel Ibisate euskaltzain urgazlearena irakurriko du; Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainak aletuko du Pierre Andiazabal ohorezko euskaltzainaren biografia; eta, azkenik, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak gogoratuko du Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren ibilbide oparoa.
Ekitaldia Joxan Goikoetxea musikariak eta Klara Mendizabal abeslariak girotuko dute, Goikoetxeak berak moldatutako hiru pieza interpretatuz: Xabier Leteren hitzak dituzten Nafarroako azken erreginak Donapaleun eta Jardin bat zuretzat; eta Pedro Mari Otañoren Donostiyako ziudadia.