Euskaltzaindiak Euskal onomastika aplikatua XXI. mendean liburua agertu du gaur Bilbon, lau hizkuntzatan ondu den ikerketa lana. Argitalpen berria Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin elkarlanean plazaratu du Akademiak eta datorren astean banatuko da hamar herrialdetan, baina jada Iberoamericana Vervuert argitaletxearen webgunean eskura daiteke. Baita Euskaltzaindiaren webgunean ere.
Aurkezpenean izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko burua eta liburuaren paratzailea. “Liburu hau editatzera eraman gaituzten arrazoiak bi dira, nagusiki: Onomastika aplikatuaren ezagutza zabaltzen laguntzea eta Euskal Herriaz haragoko zenbait esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izatea, eta, era horretan, gogoeta partekatua bultzatzea”, adierazi du González de Viñasprek komunikabideen aurrean.
Liburuaren egiturari dagokionez, hiru atal nabarmendu daitezke: lehenbizikoan, Euskal Herriaz kanpoko bost esperientzia aurkezten dira; bigarren atalean bildutako lau kapituluek euskal onomastika dute erdigune, eta egungo egoeraz eta aurrera begirako egitekoez ere ari dira; azkenik, Euskaltzaindiak azken aldian onomastika aplikatuari egin dizkion zenbait ekarpen nabari aletzen dira. “Euskal onomastika da liburuaren ardatza eta azken atalean Euskaltzaindiak arlo honetan eginiko hiru ekarpen erakusten dira”, gaineratu du euskaltzain osoak. “Liburu erakargarri eta erabilgarri bat osatzea izan da gure nahia”, jardun du.
Zer da Onomastika aplikatua eta zertan datza bere garrantzia?
Onomastika aplikatua da jakintza arlo horretako ezagutza gizartearen beharrizan praktikoetara aplikatzea, eguneroko bizimoduan erabilgarria izatea. Esaterako, antroponimiaren (izen propioak aztertzen dituen onomastikaren adarra) jakintza pertsona izenetan aplikatzea, gurasoen eskura, jaioberrien izena hautatzeko; edo udal batek bere kaleen izenak finkatu nahi dituenerako toponimiaren irizpide linguistikoak baliatu ahal izatea. González de Viñasprek labur-labur esan duenez, “euskal gizarteak onomastikaren arloan dituen behar praktikoei zuzen eta garaiz erantzuteko tresna” da onomastika aplikatua.
Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea
Onomastikaren ikuspegi aplikatu hau berezkoa du Euskaltzaindiak aspaldi (hogeita hamazortzi urteko ibilbidea egingo du aurten Onomastika batzordeak). Hasieratik eginkizun du, izenak ikertzeaz gainera, irizpenak ematea, herri-izendegiak prestatzea eta pertsona-izendegia gauzatzea eta eguneratzea.
Geroago sortu zuen, 2004an, Onomastika zerbitzua. Aurrerapauso nabaria izan da hori onomastikaren alde praktikoa herritarrei gerturatzeko eta administrazioari emandako zerbitzua eta aholkularitza areagotzeko. Zerbitzu horretan erakunde publikoetatik eta herritarrengandik onomastikaz diren galderei eta kontsultei erantzuten zaie.
Gizartean onomastikarekin dagoen interesaren adierazgarri da linean dagoen EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) oso kontsultatua dela. 2020an, Akademiaren webguneko tresnetan erabiltzaile gehien izan dituena EODA izan da.
Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA)
Webgunea (bilaketak):
- 2020an: 455.970
- 2019an: 278.643
Webgunea (erabiltzaileak):
- 2020an: 185.356
- 2019an: 120.042
-2020an Onomastika zerbitzura eginiko kontsultak, telefonoz zein posta elektronikoz: 583.