Deiadar taldeak antolatu izan du azken 16 urteotan bertsolariari jaioterrian egiten zaion omenaldia, eta honela azaldu dute hartutako erabakia: “Aurten, gutxien uste genuen etsaia agertu zaigu gutxien behar genuen garaian. Eta zer egingo dugu? Xalbador berak zioen bezala, Nahi nuke, bainan ezin dut ordea esan eta aurrera begira jarri. 2021ek emango al digu aukera hobea aurten bertan behera utzi behar izan duguna onez onean burutzeko eta, urtebete beranduago bederen, bertsolari handiaren mendeurrena ondo prestatu eta ospatzeko, Urepelen egun bete-bete bat euskaraz biziz”.
Xalbadorrenea baserrian sortu zen bertsolari bikaina, 1920ko ekainaren 19an, eta aurten bete da bere mendeurrena. Deiadar taldeak modu berezian ospatu nahi zuen urtemuga, baina beste egitasmo batzuekin gertatu den bezala, bertan behera geratu da hilaren 24 eta 25ean aurreikusita zegoen ospakizuna.