Urtero lez, Sarako Idazleen Biltzarrean izan da Euskaltzaindia eta lau liburu aurkeztu ditu bertan. Liburuen egileekin batera azaldu da Andres Urrutia euskaltzainburua, eta Euskaltzaindiaren helburuak aletu ditu prentsaurrekoaren atarian: “Saran gaude berriz, urtero bezala, eta gure helburua bikoitza da: batetik, Ipar Euskal Herriko egile eta ikerlariak sustatu nahi ditugu, eta, bestetik, idazle klasikoen testuak plazaratu nahi ditugu, belaunaldi berrien eskura jarriz”. Baina Akademiak hori guztia elkarlanean egin duela nabarmendu nahi izan du Urrutiak: “Ipar Euskal Herriko eragileekin batera egiten du lan Euskaltzaindiak betidanik, eta oraingoan ere hala izan da. Eskertu behar diogu Euskararen Erakunde Publikoari Euskal Literaturaren Antologia-ren bigarren zenbaki hau babestu eta bultzatu izana. Etorkizunean ere modu berean jokatuko du Euskaltzaindiak, hots, Ipar Euskal Herriko eragile eta erakunde nagusiekin elkarlana sustatuz“.
Liburuen egileak ere Saran izan dira gaur. Esaterako, Euskal Literaturaren Antologia berria Ixabel Etxeberriak aurkeztu du, liburua prestatu duen lantalde osoaren izenean: “Urte batzuetako lanaren emaitza da 700 orrialde dituen antologia mardul hau, eta bertan XVII eta XVIII. mendeetako euskal idazleen testu hoberenak sartu nahi izan ditugu. Testuak ondo aztertu ditugu, garai hartako euskal idazleek utzi zigutena denen eskura uzteko gisa. Axular, Oihenart, Frai Bartolome… Asko eta asko Ipar Euskal Herrikoak dira“. "Gaur egun irakaskuntzan euskal idazleen aipamena inportantea da -azaldu du ikerlariak-, denok ezagutu dezagun nola idazten zen eta zer esaten zen garai horietan“. Azkenik, Etxeberriak Karlos Otegi lantaldeko koordinatzailearen lana goraipatu du: “Lan handia egin du eta eskertzekoa da gurekin izan duen pazientzia“.
Ondoren, Henri Duhau idazle eta ohorezko euskaltzainak Adrien Gachiteguy: Laborantza. Laborantzatik hobeki bizitzeko lana aurkeztu du. “Atsegin handiz aurkezten dut liburu hau, zeren gauza bitxia bada ere, Adrienen ikasle izan nintzen orain dela 60 urte. Liburua irakurri arau, haren poz, kar eta birtuteak hobeto neurtu ditut, garaian jada euskaraz irakasten baitzuen Gachiteguy-k, beste inun ez bezala“.
1963an argitaratu zuen Adrien Gachiteguy-k liburua, baina Duhauk osatu egin du, sarrera berri bat eta zenbait lekukotasun erantsiz. Bukaeran, Gachiteguyren euskara hobeki ulertzeko hiztegitxo bat erantsi du egileak.
Eñaut Etxamendi: naturaren poetika
Bere aldetik, Itziar Madina ikerlariak Eñaut Etxamendiren obra narratiboaren hurbilpen kritikoa aurkeztu du. Etxamendiren narratiba gutxi ezagutua da gaurko Euskal Herrian, eta hutsune hori ahal den neurrian betetzeko, Etxamendiren narratibaren nolakotasunak eta idazlearen euskal literaturaren baitako ibilbidea aztertzen dira liburu honetan. "Tesia egin nuen Aurelia Arkotxa zuzendari nuela. Etxamendiren obra narratiboa deskribatu nahi nuen bertan, ikusteko bere lanakzer nolako lekua duen gaur egungo euskal literaturan. Tesiaren ondorioa da liburu hau". "Naturaren poetikak leku handia du Etxamendirnen obran -esan du Madinak-, baita ahozkotasunak, Garazi aldeko mendiek,... Horiek guztiak irakurtzen dira bere obran. 2009tik bere liburu guztiak dira irakurgai, Maiatz argitaletxeari esker. Espero dut berreskuratu ahalko dituela irakurleak, bere obrak zinez merezi baitu".
Azkenik, Peio Jorajuria kazetari eta euskaltzain urgazleak Emil Larre euskaltzain osoaren testuak jasotzen dituen liburukia aurkeztu du: Emil Larre 1926-2015: lekukotasun, kantu eta idazki. Liburu honetan, Emil Larrek Herria astekarian idatzitako ehun editorial hautatu dira, 1980 eta 1990 bitartekoak. Halaber, mezatarako idatzi zituen hainbat kantu bildu dira. "Bizpahiru urteko proiektua izan da. Orain dela bost urte zendu zen Emil, eta urtemuga hori baliatu nahi genuen berari omenaldi bat eskaintzeko: batetik, kontzertu txiki bat eskainiz bere kantuekin, eta, bestetik, liburu hau onduz. Emil ondo ezagutu zutenen lekukotasunak ere sartu ditugu liburuan, irakurleak bere profila hobeki ezagutu dezan. Liburuan Emilen ehun artikulu daude, biziki gomendagarriak, hemengo euskara ezagutzeko benetako perlak“.