191. araua argitaratu du Euskaltzaindiak (Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak).
Munduko artelanak euskaraz adierazteko orduan, zalantzak izaten dira batzuetan: zer edo noiz euskaratu behar den eta zer edo noiz ez, nola euskaratu, letra larriak noiz erabili, letra etzanak erabili edo ez…
Horregatik, irizpide nagusiak landu dira arauan. Batetik, eraikin eta monumentuak (Lehoien atea, Alexandriako itsasargia, Luxorko obeliskoa, Piramide Makurra, Trajanoren zutabea), eta, bestetik, eskulturak bereizi dira (Eskriba Eseria, Belvedereko tortsoa, Diskoboloa, Frantziako Kameu Handia), jokabide desberdina baitute. Bestetik, artelanaren izendapenaren egitura aztertzen da, eta osagai espezifikoa eta generikoa bereizten. Egitura horren arabera ezartzen zaio letra larria edo xehea izendapenaren atal bakoitzari.
Eskulturen izendapenetan, halaber, azalpenak ematen dira jakiteko noiz erabili behar den izendapenaren atal generikoa letra larriz (Delfosko Auriga, Venus Milokoa) eta noiz ez (Rodasko kolosoa, Nefertitiren bustoa).
Irizpide nagusiak emateaz gainera, historiaurreko eta Antzinaroko artelan nagusien zerrendak ere ematen dira arauan. Guztira, 150 artelan (arte minoikoa eta mizenikoa, Mesopotamiakoa, Egiptokoa, Greziakoa eta Erromatar Inperiokoa), eta, euskarazko izendapenaz gainera, gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa ere ematen dira.
Exonomastika batzordea