2019ko arrakasta ikusita, beste ahalegin bat egin du Akademiak aurten, eta hirugarren baterako asmoak ere badira. Aurtengo ekimenean, ia 600 ikusle izan ditu Lautan Hiruk, eta antzerki txikiari tartea egiten dion jaialdia dela kontuan hartuta, ez da kopuru makala.
Horrela, 2020ko otsailean ‘Lautan Hiru: antzerki txikia, festibal handia' izan da Bilbon, lau ostegunez jarraian (6an, 13an, 20an eta 27an, hain zuzen). Bertan parte hartu dute, besteak beste, Telmo Irureta, Miren Tirapu, Erika Olaizola, Mikel Martinez, Irati Agirreazkuenaga edo Galder Perez antzerkilariek. Jaialdian bestelakoak ere programatu dira, esaterako, Ituiño magoaren emanaldia edo Beatriz Elgezabal ipuin-kontalariarena.
Gogoratu behar da Lautan Hiru ekimenak hiru helburu nagusi dituela: Euskarazko antzerkia hauspotu; antzerkilariei beren lanak erakusteko espazioak eskaini, eta Zazpi Kaleetako giroan eragiteaz gain, hiriko kultur aukerak zabaldu. “Pozik gaude bi edizioetan lortu dugunaz, pozik baita jendearen erantzunaz. Lankidetzan egindako egitasmoa da Lautan Hiru, Bizkaiko hiriburuan bere lekua egin duena. Hastapenetatik egin duen moduan, Euskaltzaindiak jarraituko du euskara aitzinatzen, Euskal Herriko eragileekin batera”, azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.