Euskaltzaindiaren Hiztegian, eduki batek hainbat azterketa eta irazki gainditu behar izaten ditu, eta Hiztegiaren lantaldeak metodologia jakin bat erabiltzen du aspalditik horretarako. "Urteak dira fluxu-diagramak erakusten duen prozedura hori erabiltzen dugula. Komunikazio gehien-gehienak posta elektronikoz egiten ditugu partaide guztiok: Euskaltzaindiaren Hiztegiaren Lantaldeak, hiztegiaren arduradunok, erredakzio-taldeak edo Batzorde Ahaldunduko kideek. Horri esker, lanak ez du batere atzerapenik izan COVID-19k beharturiko itxialdian egon izan garen denboran. Bilkurak ere bideokonferentziaz egin ditugu aldi horretan”, azaldu du Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendariak.
Horretara, uztailean eguneratuko du Euskaltzaindiak bere hiztegia. 2018tik, urtean birritan eguneratzen du Akademiak webgunean erabiltzaileen esku dagoen hiztegia.
Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, 1991n hasi eta 2015ean amaitu zen Hiztegi Batua oinarrian duena, eta adieraz, adibidez eta azpisarreraz eta sarrera berriz hornitzen duena (eguneratze honetan, guztira 39.247 sarrera, 8.086 azpisarrera eta 65.294 adiera jaso dira). Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.