Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak laster sinatuko dute aurtengo lankidetza-hitzarmena, bi erakundeen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko, baina Gasteizko Udalak dagoeneko onartuta dauka dirulaguntzaren kopurua eta 73.000 euroko ekarpena egingo dio Euskararen Akademiari.
Akordioari esker, Elena Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da. Aurten, Dibiña I datu-basea prestatu da, eta Abetxuku, Ihurre, Lopida, Arangiz, Andetxa, Foronda eta Mendiguren herrietako toponimoak aztertu dira. Horrela, Gasteizko Toponimia VII-Arratzua III lana ondoko asteetan aurkeztuko du Akademiak eta erabiltzaileen esku utziko du.
Bestetik, dirulaguntza honi esker, Gasteizko Udalak aurten Oihanederren eginiko Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboa ere babestu du.
Gasteizko udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten horrelako lehenengo lankidetza-hitzarmena. Geroztik, urtero berritzen dute konpromisoa. Alde batetik, Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio udalari; bestetik, udalerriko toponimia-proiektua jorratzen jarraitzen dute.