Izan al da toki izenik, aparteko lanik eskatu dizuenik?
Bai, asko izan dira buruhausteak eman dizkiguten leku izenak, hainbat arrazoirengatik. Zarautz adibidez, hor gelditu da, ongi azaldu gabe; Mutriku-rena, aldiz, «harrapatu» dugula iruditzen zaigu. Irun familia «onekoa» da, ahaide eta jendaki anitz dituena: Iruñea, Iruña, Irunberri, Irunbe... Asko idatzi da multzo honen inguruan, aspaldixkotik gainera, eta neke izan zaigu autoreek ziotena bildu eta ondorio ulergarri batzuetara iristea. Beharrezkoa zen, alabaina, irakurleak zerbait ulertuko bazuen, eta konprenitzeko moduko ondorioak atera ditugula uste dugu. Eskoriatzako Mazmela eta Zarimutz ere esplikakizun gelditu dira, etorkizunerako, eta Nuarbe-ren etorkia ez dugu guztiz garbi ikusi. Ordea, Gipuzkoa bera, segur aski denak ados egongo ez badira ere, ongi antzean azaldu dugula iruditzen zaigu; orobat Arrasate eta -ama bukaera dutenak (Beizama, Zegama...).
Zein da katramilarik handiena, halako lan metodiko eta zientifiko bati heldu behar zaionean?
Arazoak bat baino gehiago dira: datuak erdiestea hagitz garrantzizkoa da, oinarrizkoa, eta lan izugarria aldi berean, baina zorionez egun baditugu argitaratu eta bildutako hainbat material, adibidez Fuentes Documentales Medievales del País Vasco agiri bilduma bikaina antzinako datuak lortzeko, Ahotsak.eus webgunea egungo hiztunen ahozko aldaerak jasotzeko. Argia ikusi duten toponimia bildumak (Euskaltzaindiaren Onomasticon Vasconiae esaterako) eta herri anitzetako mapak ere ezin utziak dira, baitezpadakoak, hor toponimo nagusiak azaltzeko nahitaezko diren anitz leku izen biltzen direlako.
Bestalde, Euskal Herri osoari so egin behar zaio holako lana prestatzen denean, hau da, Gipuzkoatik atera eta beste herrialdeetan zer dagoen ikusi behar da, toponimo asko han-hemen errepikatzen direlako (Beterri - Goierri Gipuzkoan, Beierri - Goierri, Lañerri - Baserri... beste alderdi batzuetan), edo zenbait puntu esplikatzeko aukera ematen duelako (aetz herritarren izena – Aezkoa ibarraren izena, Nafarroan; aldera bitez giputz – Gipuzkoa-rekin). Antroponimia ere, zaharra eta berria, ezagutu beharra da, hein batean edo bestean, herrien izenak argitzeko (Lazkotz Sakanako herri hustua vs. Lazkao).
Muntarik handienekoa, alabaina, hori guztia aintzat harturik euskal toponimiak ibili dituen bideak ezagutzea da, zentzugabekeriarik ez esateko. Hau esperientziak erakusten du, gero hanka sartzetik inor libre ez dagoen arren, euskal onomastika sakonki ezagututa ere.
Azken arazoa, arazo izan behar ez lukeena baina beti izaten dena, maketatzaileena da: guk lanak Word eta PDF formatuetan igortzen ditugu, baina gero haiek -maketatzaileek- beren programak erabiltzen dituzte, eta transkripzio fonetikoak (Gipuzkoakoan asko daude) beti hankaz gora ateratzen dira, hutsez bete-beteak. Zenbaitetan etzanez dauden testu zatiak ere letra zuzenez agertzen dira gero, lehen probetan... Lan akigarria izaten da horiek guztiak zuzentzea eta ulertaraztea.
Nola banatu duzue lana?
Bion arteko lana da. Luis Mari Zaldua batez ere ahozko datuetan, mapetakoetan eta ahozko literaturaren ingurukoetan zentratu da, eta Patxi Salaberri etimologia azalpenetan eta bestelako literaturan, baina, erran bezala, bion «umea» da liburua.
Gipuzkoa aztertu duzue, baina ikuspegi integral batetik, Euskal Herriko beste herrialdeetako toponimoak aintzat hartuta. Zer esan nahi du horrek?
Bigarren puntuan azaldu dugu pittin bat. Euskal toponimia bat da, eta hangoa eta hemengoa ezagutu beharra dago, deus funtsezkorik esango bada. Ereduena aipatu dugu, Mutriku ezin izan daitekeela mutur + hiri + -ko, holakorik ez dagoelako. Hondarribia Menéndez Pidalek latinaren bitartez azaldu nahi izan zuen, baina Hendaian berean, Bidasoaz beste aldean, Ondarraitz dago, hondartza izen arrunta ere badugu, Ondarreta Donostian, Ondarroa Bizkaian, eta –ibia dutenak ere ugariak dira: Astigarribia, Zaldibia, edo Behobia bera (Beoybia dokumentatzen da), esate baterako. Bestalde, eta Mutriku-ra itzulirik, Bizkai aldean hain ugariak diren –ika bukaera duten toponimoekin jatorrizko lotura duela iruditzen zaigu, Gernika, Sondika eta besterekin.
Zergatik da garrantzizkoa zuen ustez, herri izenen etimologia ezagutzea?
Euskaldunok geneetan dugu gure ponte izenaren, deituren, herri izenaren etorkia zein den jakiteko premia. Hau ona da, baina arriskugarria ere bai, zenbaitek batere prestakuntzarik gabe ez dagokien arloan sartzen direlako.
Nolanahi ere, herrien eta besteren izenek gauza asko esaten dizkigute gure iraganaz, gure historiaz: adibidez, aipatu ditugun -ama bukera duten herri izenek alde batera garamatzate, -ain dutenek beste batera, -ika dutenek hara, -aga dutenek hona... Zer izan garen eta nondik heldu garen jakin nahi badugu, ezinbestekoa da toponimiak ematen dizkigun datuak aztertzea, herrien eta besteren izenak nondikakoak diren ikertzea. Azken denboretan hainbeste aipatu den «euskalduntze berantiarra»-ren ustekaria baztertzeko bidea ere bada herri izenen azterketa, zenbaitetan etimoak latinetikakoak izanik ere haien bilakaera euskararen barnekoa delako, hots, euskaldunon presentzia hasieratik bertatik beharrezkoa delako, egun duguna eduki ahal izateko.
Patxi Salaberrik Nafarroa Behereko eta Arabako herri izenen azterketa du lehendik egina. Gipuzkoakoa ere amaiturik, eta Euskal Herri osoa helburu dela jakinik, zeri helduko diozue orain? Baduzue ezer planifikaturik?
Egileetako bakoitzak bere lana du, eta Gipuzkoakoa, aurrekoak bezala, laguntzarik batere gabe egin dugu. Ongi legoke pizgarri, bultzagarriren bat izatea, baina hori gabe ere orain arte liburuek argia ikustea erdietsi dugu, Euskaltzaindiari eta aldundiei esker, eta hori ez da gutxi gaur egun, honelako lanak aise saltzen ez direlako. Obraren ale batzuk eskuratzea izan da egileon irabazia. Hau esanda, etorkizunean zer? Segur aski Nafarroa Garaikoa izanen da hurrengo «estazioa» (gurutze-bidean pentsatzen ari gara, ez eskian edo trenean), baina ikusi egin beharko da.