Sari hauen bidez, gizartearen zerbitzuan aritzeko prestutasun eta ahalegin bikainagatik nabarmentzen diren pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldeak aintzatetsi nahi izaten ditu Sabino Arana Fundazioak urtero. Urrutiari "Euskaltzaindia bizi eta dinamikoaren eredua sustatzen eginiko ahaleginagatik" eman dio saria Sabino Arana Fundazioak, baina ez horregatik bakarrik. Fundaziotik azpimarratu dute, baita, "sekulako lanak" hartu dituela, batetik, "euskal foru-zuzenbide zibilaren berezitasuna eta balioa aldezten" eta, bestetik, "euskara zabaltzen unibertsitatearen eta Zuzenbidearen esparruetan".
“Egia esan, sarituen artean Andres Urrutiaren izena entzun nuenean, lotsaria ere etorri zitzaidan, beti ulertu izan dudalako gure herrian nagusi dela norbanakoaren lana baino auzolana”, esan du bere hitzaldian Bilboko euskaltzainburuak. Urrutiak bere bizitzan erabakigarriak izan diren pertsona eta leku batzuk aipatu ditu, tartean Lea-Artibai eskualdean jasotako bizipen eta ikasbideak, bere izeko Lucrecia Badiolak esandakoak ("berak erakutsi zizkidan kulturaren balioa eta herri honen izaera"), eta Adrián Celaya Ibarra foralistak erakutsitakoak.
"Garai zailetan" euskal erakundeak sortzeko ausardia eta kemena izan zutenak ere gogoratu ditu Urrutiak bere mintzaldian, eta beraiek ezarritako bidea eta mezua eraberritu eta hurrengo belaunaldiei transmititu behar zaiela esan du: "Hori da nire zereginen arrazoia eta zimentarria. Euskara, euskal zuzenbide zibila, euskal kultura lantzen dihardut, beste askorekin batera, eta lehen aipatu erakundeek ematen didate horretarako berebiziko ikuspegia, dela Euskaltzaindian, dela Unibertsitatean, dela eguneroko jardun juridiko fede emailean". Horretarako, erakunde eguneratuak behar ditugula adierazi du, "doituak, sendoak, ahots propioa dutenak eta herritarren premiei erantzuten dakitenak. Eta horretarako behar da taldelana, auzolana, nik betidanik sustatu eta aldeztu dudana, horixe baita etorkizunerako berme eta lokarria".
Eta bukatu du esanez gaur jasotako dominak ohorea dakarkiola, baina, aldi berean "zama eta engaiamendua, hasitako lanari segida eman eta aitzina joateko. Azken batean, niretzako pizgarria eta akuilua bada ere, guztiontzat da abiaburua Sabino Arana sari hauen barruan dagoena, ikas eta ikus dezagun gizarte baten osaera ezin daitekeela egin batzuen mesederako eta besteen kalterako, guztion elkarbizitzarako baino. Horra nire iparrorratza".