Sagrario Aleman euskaltzainak atarikoan ondo laburbildu bezala, “gure bizitzaren zati handi bat lanean ematen dugu eta ezinbestekoa da arlo horretan ere euskara sartzea”. Adierazpen horrek bi helburu ezarri zizkion Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak sortutako bilguneari, ideiak partekatzeaz gainera. Batetik, arlo sozioekonomikoak euskararen biziberritze prozesuan duen funtzioaz hausnartzea, eta bestetik, etorkizuneko erronkez jardutea, bereziki, beste hainbat arlotan baino aurrerapauso urriagoak eta eskasagoak eman direla kontuan hartuta.
Kanpotik ekarritako esperientzia bakarra Quebecetik (Kanada) heldu zen, François Vaillancourt unibertsitateko irakaslearen ahotik, eta frantsesaren aldeko hizkuntza politika izan zuen hizpide. “Ekonomiaren ikuspegitik, frantsesaren erabilera % 100 izatea eta hizkuntza politikak kopuru horretara bideratzea ez da optimoena”, esan zuen Vaillancourtek, horrek “kostu handia ekarriko lukeelako eta, gainera, batzuek ez luketelako ingelesez jakingo”, eta hori galera izango litzateke Montrealgo Unibertsitateko irakaslearen ustez, “ekonomian, hizkuntzen konbinazio onena zein den asmatzea baita zailena”. Euskararen biziberritzeari begira, konbinazio horren gaineko gogoeta egiteko gonbita luzatu zuen: “Ez dut esan nahi anbiziorik izan behar ez denik, baina ongi hausnartu behar zenukete zehazki zer nahi duzuen”.
Eneko Bidegainek herriari erreparatu zion bere hitzaldian, “euskararekiko atxikimenduaren apaltzea eta herri ikuspegiaren murriztea eskutik” doazelako, eta erdaraz bizitzeak “herri zatitua are gehiago zatitzen” duelako. Hizkuntzen arteko botere harremanak eta zatiketa administratiboak direla eta, galdera luzatu zien Hego Euskal Herriko ikasle guztiek frantsesa ikasi behar luketela diotenei: “Ideia ona ote da frantsesa jartzea gure arteko harremanen erdigunean? Ez ote da hobe azpimarratzea herri honetan denek ikasi beharko luketela euskara?”. Bidegainek ondo esan bezala, “ez baita gauza bera mugaz gaindiko harremana eta herria artikulatzea”.
Zentzu horretan, Euskal Herri osoa kontuan hartzen duten ekimen eta erakundeak jarri zituen etsenplu, “horien bidetik jarraituz lortuko dugu herri hau bereizten duten harresiak gainditzea”. Besteak beste, Ikastolen Elkartea, AEK, Udako Euskal Unibertsitatea eta Bertsozale Elkartea aipatu zituen; era beran, azpimarratu zuen euskara dela erakunde nazional horien guztien haria: “Euskara da abiapuntua, euskara da bidea, euskara da helmuga”.
Ekonomiara etorrita, “euskal merkatu nazionala antolatzen eta barne turismoa garatzen” hasi beharko genukeela azaldu zuen Bidegainek, “euskaraz funtzionatzen duen turismoarekin herria josten delako, eta barne turismoarekin herria euskalduntzen delako”. Batak bestea elikatzen du, beraz. Ildo horretatik jarraiki, Bidasoaren alde banatako enpresen arteko harreman ekonomikoak sustatzeak “ondorio berera eramango gintuzke”.
Azkenik, euskararen gaia apartekotzat jotzeari utzi eta orokortasuna kontuan hartzeko aldarria egin zuen.
Lankidetza publiko sozialaren garrantzia
Mikel Irizarrek ere, mailaketak eta esparru administratiboek bereizten gaituztela kontuan harturik, “denei komeni zaien jomuga komuna antzematea” jarri zuen helburu, Euskaltzaleen Topaguneko Topalabe taldearen izenean. Indartu eta Jauzigogoeta txostena oinarri zuela, lankidetza giroa goraipatu zuen motor gisa, bereziki lankidetza publiko sozialari, esan nahi baita, ekimen sozialaren eta diru publikoaren arteko baturari, begia jarrita. Europak mota horretako lankidetza susmopean hartua duela ohartarazi zuen, “baliabideak publikotik pribatura pasatzen ari dela interpretatzen delako”. Ondorioz, partaidetza juridikoki blindatu beharraz mintzatu zen, bestela “arazoak sortuko direlako beti”.
Euskara feminismoarekin eta beste hainbat dinamika eraldatzailerekin gurutzatzen ari dela ere azaldu zuen, eta Eneko Bidegainen gisan, herrigintza hartu zuen ahotan: “Ildo horretatik, euskaltzaletasuna ez litzateke euskaran hasi eta bukatzen den zerbait izango, mundua hobetzeko lehenesten dugun jarduera baizik”. Irizarrek aipatu herrigintzak hiru zutabe izango lituzke. Batetik, “zoru komuna edo zerk batzen gaituen”. Bigarrenik, “elkarrekin zer eraiki nahi dugun etorkizunerako”. Eta hirugarrenik, “nola egingo dugun”. Baina euskal hiztun komunitateak “bakarrik ezin du” sistema osoaren funtzioa aldatu, Irizarren ustez. Hala, “azpisistemekin aritu eta balio komunen gainean eraiki behar da diskurtsoa, gizartearen inplikazioa lortzeko”.
Erronka nagusien artean, haur eta gazteak hiztun komunitatearen parte aktibo bihurtzea eta euskara lehenesten duten guneak nabarmen ugaltzea aipatu zituen, bereziki esparru ez-formalean eta lan munduan.
Urbiako lainopetik ateratzeko
Jon Sarasuak orain arte ibilitako bideari heldu zion lehendabizi, euskararen biziberritze garaikidea kokatzearren. “Gurasoek gure bizitzako funtzio guztiak euskaraz beteko genituela eta horretarako formatu nahi gintuztela amestu zuten. Hortik dator intuizio jenial hura, ikastolena. Komunitate gutxi izango dira munduan, ildo horretan halako bidea egin dutenak”.
Metafora bat baliatuz, Arantzazutik gora egin eta Urbiako lainopean noraezean erdi-galduta gabiltzala azaldu zuen Sarasuak. Lau puntutan oinarritu zuen bere gogoeta, lainopetik ateratzeko metodo gisa. Lehenak, eskolatik lan mundurako etenarekin du zerikusia. Diagnosia argia da: “60 urte eta gero, masiboki ari gara lortzen belaunaldiak euskalduntzea, baina oraindik masiboki erdalduna da lan mundua”. Apustu instituzionala eta belaunaldi apustua dakusa Sarasuak eta transmititzeak aparteko zailtasunik ez luke sortu behar, bere aburuz: “urteotan denetan hainbeste inbertitu eta gero, aurrera egin beharra dagoela begi-bistakoa da”.
Bigarren arrazoibidea gaur egungo euskaldunen karakterizazioan ipini zuen: “Inkestek diote euskal hiztun gehienak erdal eremuetan ditugula eta erdal jatorritik datozela askotan. Lortuko bagenu pertsona horiek sistemikoki esatea euskarak baduela lekua lanean, gaitz erdi genuke”.
Hirugarren puntuan “antolagarritasuna” aipatu zuen: “Euskara lan esparruan sustatzea antolatzeko modukoa da; zailagoa da, esaterako, kuadrilletan eta lagun taldeetan ohiturak aldatzea”. Sarasuaren ustez, “ez da hezkuntza bezain antolagarria, baina sustatu daiteke, halere”.
Laugarrenik, belaunaldi gogoetaz aritu zen: “Euskalgile aktiboek eta bereziki belaunaldi berriek bisio bat behar dute”. Estrategiaz mintzo ohi garela nabarmendu zuen, baina estrategia “bisioaren alaba” dela. Sarasuak dioenez, Gurasoek eskola egin zuten, guri lana konkistatzea dagokigu moduko kontakizuna izan liteke, hain zuzen, belaunaldi berriei eman diezaiekegun kontakizuna edo bisioa, beste hainbat funtziorekin batera: “Munta handiko artikulazioa eskatuko digu, orain arteko handiena beharbada, baina egin liteke”.