Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolatu duen XXIV. Jagon Jardunaldiaren bigarren saioak arlo sozioekonomikoko adibide praktikoak ekarri ditu, esparruz esparru. Eñaut Zubeldiak Lanbiden erregistratuta dauden ikasle eta langabetuen datu estatistiko konparatiboak azaldu ditu, Euskara eta lan-munduratzea hitzaldian, eta, besteak beste, euskara lanean egunero erabiltzen dutenen gaineko hainbat puntu ondorioztatu ditu, esate baterako, ikasketekin bat datozen lanpostuetan gehiago aritzen direla, batez beste gehiago irabazten dutela, emakumeak gehiago direla gizonezkoak baino eta batik bat kooperatibatan aurkitzen direla. Laburbilduz, euskaraz ikasi eta jardutea “aukera ona” dela esan du Zubeldiak, “kalitate handiagoko lana lortzea ahalbidetzen baitu”.
CCOO sindikatuko Sabin Zubirik azpimarratu du langabetuak bereziki erdaldunak direla eta euskalduntze prozesuak sustatzeko zubiak planteatu beharra aldarrikatu du, besteak beste, euskaltegirako sarbidea doan emanez eta lanorduetan ikasteko aukera eskainiz. ELAko kide Pello Igeregik paradigma berria eskatu du euskararen normalizaziorako. Bere ustez, “eskubide zibilen esparruan kokatu behar da, eta ez eskubide indibidualetan”, eta Euskal Autonomi Erkidegoari dagokienez, “baikortasun xaloa” eta ikuspegi kritikoaren falta nabarmendu ditu. Igeregiren hitzetan, euskara biziberritzea “elementu eraldatzaile eta iraultzailea da”, egungo indibidualizazio joeraren aurrean “komunitatea sortzeko gaitasuna” duelako. LABeko Amaia Aurrekoetxeak nazio izaerari lotuta ikusi du afera eta prozesu independentistaren baitan kokatu du euskalduntzearen prozesua.
Maider Alberdik (Euskal Kontsumitzaileen Elkartea) Euskal Autonomi Erkidegoko kontsumitzaileak eta legeak hartu ditu hizpide. Aipatu duenez, oro har, hizkuntzaren eskubideak oso erregulatuta daude, “baina errealitatea bestelakoa da, eta arauak betetzeko neurririk hartu gabe, zehapen sistema on bat aplikatu gabe, ezin da aurrera egin”. Hizkuntza aholkularien mahaiko kideek -Maddi Etxeberria (Elhuyar), Elias Zumalde (Emun), Mikel Urdangarin (Ahize-AEK) eta Leire Solozabal (Artez)-, besteak beste, enpresa txikiei nahiz txikizkako merkataritzari buruz jardun dute eta administrazioetatik bitarteko gutxi jarri izana nabarmendu dute, kontuan hartuta tokian tokiko hizkuntza paisaian duten eragina. Horrez gain, euskarak ere enpresa bat errentagarri bihur dezakeela ziurtatu dute, urteek emandako esperientziak erakusten duenez. Hain zuzen, euskarak balio dezake “marka sortzeko edota langileen artean motibazioa areagotzeko”.