Euskaltzaindiak harrera beroa egin die gaur euskal diasporako ordezkariei. Akademiaren egoitza bisitatu dute 21 herrialdetako ordezkariek, tartean, Ameriketako Estatu Batuetakoak, Argentinakoak, Venezuelakoak, Alemaniakoak, Kubakoak, Belgikakoak, Mexikokoak edo Txilekoak.
Lau urterik behin egiten duten mundu mailako biltzarrean parte hartzen ari dira denak eta Akademiaren egoitza ezagutu nahi izan dute. Andres Urrutia euskaltzainburuak harrera beroa egin die atarian, baita beraiekin batera etorri diren Bingen Zupiria Kultura sailburuari, Maria Angeles Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari eta Gorka Alvarez Kanpo Harremanetarako zuzendariari ere.
Plaza Barriko arkupeetan talde-argazkia atera ondoren, egoitzara sartu dira ordezkari eta agintariak. Garikoitz Mendizabalek gidatutako txistulari taldeak aurreskuari eman dio bide, eta ondoren ordezkari eta agintarien hitzak etorri dira. Andres Urrutiak ongi etorria eman die diasporako ordezkariei, eta adierazi die elkarlanerako prest dagoela beti Akademia: "Euskarak batzen gaitu eta zuekin lan egiteko prest gaude". Bere aldetik, Zupiriak gogoratu du euskara Euskal Herritik kanpo indartzeko Jaurlaritzak egiten duen ahalegina; horri esker, 2.000 pertsona dabiltza euskara ikasten gure mugetatik at.
Kate Caminok (AEB) eta Arantza Zubillagak (Argentinako Necochea) hitzaldi hunkigarriak egin dituzte. Caminok bere euskal jatorria azpimarratu du, baina euskara etxean jaso ez eta oraintsu ikasi duela aitortu du. "1983an hasi nintzen euskara ikasten, Hondarribian", adierazi du Caminok, eta Txomin Peillen euskaltzainarekin ere ibili zela esan du. Ameriketako Estatu Batuetan euskarak bizi duen egoeraz mintzatu da: "Garai batean pilota, dantza eta horrelakoak erakusten ziren, baina HABEri eta Etxepareri esker, gaur egun euskara ikasten ari dira euskaldun jatorriko estatubatuarrak". Arantza Zubillarrak, ordea, Argentinan ikasi zuen euskara ("ahozkoa izan zen transmisioa", gogoratu du), eta bere seme-alabek ere bertan ikasi dute. "Euskara nire identitatearen zati garrantzitsua da -azpimarratu du Zubillagak-, euskal herritarra izateko eta sentitzeko tresna inportantea. Eta hizkuntza zaintzea nire arbasoen legatua ondratzeko modu bat da".
Ondoren, Euskal Herriak diasporari egiten dion omenaldi eta gorazarrearen erakusgarri, Andres Urrutiak, Bingen Zupiriak eta Maria Angeles Elorzak oroigarri bana banatu diete 21 herrialdetako ordezkariei, hain zuzen, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako ziurtagiria.
Azkenik, Iñaki Basabek Kontrapas eta Txoria txori abestu ditu, eta bisitariek gogoz errepikatu dituzte kanta bietako estrofa nagusiak.