Xalbadorren Eguna urriaren 12an eta 13an izanen da Urepelen, eta, ohiko moduan, bertsulariak eta euskal kultura munduko eragileak gogoratzeko eta omentzeko aukera izanen da XV. edizio honetan ere: aurten Pierre Topet Etxahun Barkoxe, eta Xalbadorren lagun minak izan ziren Jon Mugartegi eta Jon Lopategi omenduko ditu Deiadarra ekarteak.
Egitarauan, azpimarratzekoa da urriak 12an eskainiko den antzezlana: Gaztelondon zer berri? (20:00/ Mixel Etxekopar eta Xiberutarrak), eta 13rako, ordea, egitarau zabala atondu dute Deiadarra taldekoek. Goizean goiz, mendi ibilaldia eginen da Xalbadorren etxolara (09:00). Ostean, meza eta hitzaldia, Joxemari Iriondo ohorezko euskaltzainaren eskutik: Etxahun Barkoxe, Jon Lopategi, Jon Mugartegi Gogoratuz. Eguerdi partean, Bilboko Salbatzaile dantza taldea eta herri kirolak, eta bazkaldu eta gero bertsolarien txanda izanen da (Xebastian Lizaso, Onintza Enbeitia, Maialen Arzallus, eta Juan Joxe Eizmendi). Arratsalde partean (17:30) izango den erromeriarekin amaituko da jaialdia.
Bestalde, bertsopaper lehiaketa ere antolatu da aurten, bi mailatan: 16 urtez gorakoentzat, Etxahun Barkoxe gai hartuta; eta gaztetxoentzat, berriz, Xalbador gai dela. Bertsopaperak irailaren 30a baino lehen bidali beharko dira ondorengo helbidera:
Deiadarra taldea (Mendi Xola etxea)
Okoze auzoa. 64430 – Gaigorri – Baxenafarroa