Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskaltzaindiak bost urteko iraupena duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, Akademiaren Bilboko egoitzan. Aurrerantzean, bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapen, garapen eta zabalkundearen alorretan proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Garbiñe Ubera EIEren lehendakariak izenpetu du akordioa; Euskaltzaindiaren izenean, berriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatu ostean, Urrutiak adierazi du hitzarmen hau guztiz pozgarria eta onuragarria dela Euskaltzaindiarentzat, gune berriak zabaltzen dituelako EIErekin, “bi erakundeok aspalditik daukagulako euskararekiko eta euskal kulturarekiko kezka, eta ardura hau ez da partekatzen dugun gauza bakarra”. Ildo horretan, Urrutiak beste euskaltzain baten izena eta izana gogoratu ditu bere berbaldian, hain zuzen, Juan San Martinena: “Ezin ahantzi EIEren bultzatzaile nekaezina izan zela Juan San Martin eta, horrez gain, euskararen alorrean eragileen arteko zubigintza etengabe sustatu zuen euskaltzalea”. Elkarlanaren garrantziaz eta indarraz jardun du Garbiñe Ubeda EIEko lehendakariak ere: "Geure zilborrari begiratzeari utzi eta indarrak batu behar ditugula oso garbi dugu EIEko Zuzendaritza Batzordean. Batetik, ofizio eta jardunen arteko mugak gero eta lausoagoak direlako. Baina, bestetik, ezer gutxi eragin dezakegulako, elkarlanerako gai ez bagara". Ubedaren ustez, "Akademiak idazleen lana behar du, idazleek akademiaren lana behar duten bezala. Beraz, ba al da ezer naturalagorik, Euskaltzaindiaren eta Idazle Elkartearen arteko lankidetza baino?".
Hitzarmenak bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatu. Hauek dira partaidetzaren lan-ildo nagusiak:
- EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak ere partekatuko ahal izango dituzte.
- Bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute. Horrela, idazleak ezagutzera emateko egitasmoak, monografiak,literatura zaletasuna indartzeko lehiaketak, ikerketak, bekak eta abar abian jarri ahal izango dituzte.
- Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIEk argitaratzen dituen argitalpenetako testu-multzoez baliatzeko adostasuna erakusten dute bi erakundeek.
Euskaltzaindia, EIEren hastapenetan
1982ko uztailaren 30ean sortu zen EIE. Orduan, Luis Villasante euskaltzainburuak gidatutako bilkura batean eratu zen elkarte berria. Honela zioen Villasantek, orduko hartan: “Bi arrazoi haundiz bildu gara gaur hemen, Bilbon, batzarre ospetsu honetan. Bata da, gaur betetzen direla ehun urte euskal festak hemen Bilbon egin zirenetik. Bestea, berriz, Euskal Idazleen Elkarteari hasiera edo sorrera eman nahi zaiola gaur. Euskaltzaindiaren barnean bada literatur-batzordea, eta batzorde honek Elkarte hori sortzeko asmoa hartu eta aurrera eraman nahi du. Gaur, hain zuzen, kalera atera nahi ditu Elkarte berri honen xedeak, helburuak eta ibilpide legeak. Gaurko egoera eta premiak ikusirik, obra honi hastapena eman, Elkarte hau martxan jarri eta kaleratu, alegia, gero bere baitarik bizi dadin (…) Euskaltzaindiko literatur-batzordeak uste du, bada, Idazleen Elkartea tresna eta bide egokia izan daitekeela idazleen eskubideak zaintzeko eta baliarazteko. Eta orduan idazleek ere giro hobea izango dutela lan egiteko.