Roberto González de Viñaspre euskaltzain osoak bere hitzaldi-sarrera irakurri du, gaur, jendez mukuru zegoen Trebiñuko Done Petri elizan. 2018ko otsailaren 23an izendatu zuten euskaltzain oso, Iruñean, eta Patxi Uribarren emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete du González de Viñasprek.
Euskaltzain oso izateko, baina, sarrera-ekitaldia ezinbestekoa da, eta hitzaldia irakurtzeaz gain, arabarrak kargu berriaren zina egin du; ondoren, Euskaltzaindiaren diploma eta domina ezarri dizkio Andres Urrutia euskaltzainburuak, elizan hitz hauek entzuten ziren bitartean: “Euskaltzaindiak Roberto González de Viñaspre jauna, euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, lankidetzat hartu du”.
Bere sarrera-hitzaldiaren mamiari heldu baino lehen, herritarrak agurtu ditu González de Viñasprek, bertan izandako bizipenak gogoratu dituela: “Gogobetegarri dut sarrera-hitzaldia bihotz-buruak agintzen didan lekuan irakurtzea, non eta bizialdiaren erdia baino gehiago eman dudan lurrean, trebiñarren aurrean, eta euskaraz”. Done Petri elizaren pisua eta garrantzia ere azpimarratu ditu, eta berbaldian saiatu da erakusten elizako hormak trebiñarren euskarazko mintzoaren lekuko izan direla, “harik eta Ihuda ibaiak bustitzen duen arroan XVI.-XVIII. mendeetan barrena euskal hizkuntza galdu arte”.
Patxi Uribarren euskaltzain emerituaren ibilbide garrantzitsua ere aletu du, aramaioarraren eginak eta gogoak errepasatuz: “Bizitzako urte asko eskaini dizkio arima-arimatik maite duen euskarari”. Hala, gogoratu du Uribarrenek frankismoaren “urte latzetan” Santutxuko gau-eskoletan eginiko lan itzela, eta, nola ez, Euskaltzaindian eginikoak: irakaskuntzan, euskalduntze-alfabetatzean, euskalkiekin, euskararen sustatzean eta abar. “Onomastikari ere ekin dio bere ikerketa ibilbidean –azpimarratu du González de Viñasprek–. Gogoratu behar da Filologia Erromanikoaren lizentzia eskuratu zuela 1974an Aramaioko toponimiari buruzko tesi lanarekin, Mitxelenaren zuzendaritzapean egin zuena”. Horrez gain, Bostak bat taldean karmeldarrak hiztegigintzan egindakoak ere aipatu ditu.
Derrigorrezko esker eta aipuen ostean, bere hitzaldiko gai nagusiari heldu dio “Bilbon jaiotako arabarrak”. Horretara, Trebiñuko historiaz eta kulturaz jardun du, eta gogoratu du euskara ere trebiñarren ondarea dela: “Gaztelaniak antzinako presentzia du lurralde honen sartaldean, eta ausaz elebitasun-egoera luzea izan da Trebiñu Konderriko beste zenbait ingurutan. Dena dela, euskara ere trebiñarren kultura ondarea da, berezko linguistikoa, egiaztatuko dugunez”.
Euskararen hedapen-mugak
Euskal toponimia eta euskararen hedapen-muga historikoak bere biografiarekin uztartu ditu González de Viñasprek, helburu jakin batekin: “Gazte-gazterik atentzioa eman zidan euskal itxurako zenbat leku-izen zirela Lagranen. Deigarria egiten zitzaidan hura, nire ezjakinean uste bainuen sekula ez zela euskararik mintzatu Arabako hegoalde horretan. Toponimiak erakusten duen bestelako errealitateak, ordea, jakin-mina piztu zidan. Zer-nolakoa zen Arabako arbasoek aho-mintzoan zerabilten euskara? Noiztsu galdu zen? Garai hartan sortu zitzaidan euskal hizkuntzarekiko interesa, motibazio horrekin”
Euskararen grina piztuta, hamabost urterekin hasi zen euskara ikasten Roberto, bere kabuz (Xabier Peñaren Euskal Irakasbide Laburra liburuarekin), ordutik batera eraman dituela “euskararekiko eta toponimiarekiko jakin-nahia, eta bereziki Arabakoa”. Trebiñu konderriko Saseta herrian errotu zen Robertoren familia eta euskaltzainak 30 urte eman ditu bertan, hango historia linguistikoa ikertzen, batez ere, toponimiaren bitartez. Honela, kontu bitxiak ondorioztatu ditu, esaterako, euskararen desagerpena noiz gertatu zen: “Trebiñu Konderriko ekialderako ditugun datuek iradokitzen dute euskararen transmisioaren etena XVIII. mendeko lehen erdian zehar gertatu zela”. Hala ere, Konderriko “ekialdean agerikoa da gaur egun euskarazko leku-izenen presentzia (...) Erditik gora dira oraindik, itxuraldaketak gorabehera, jatorriz euskaraz sortutako toponimoak. Maizago eta osoago agertzen dira XVIII. mendeko dokumentuetan; euskal izen arruntik ere aurkitu ohi da gaztelaniazko testuetan txertatuta”. “Oraindik euskal hitz hondarrik bilatu daiteke Trebiñu Konderriko lexikoan –ohartu du González de Viñasprek–, testu zaharrak arakatuz; nekezago hiztunen ahotik, bizimodu tradizionalarekin gertatu den hausturagatik eta herri kulturaren galeragatik”.
Atzera eginez, XVI. mendean aurkitzen dugu euskara hizkuntza mintzatua zeneko lekukotasunik, Trebiñu Konderriko ekialdean. “Ihuda ibaiaren goi-arroan XVI. mendearen bigarren erdian euskaraz hitz egiten zela jakin dugu. Toponimia historikoak berresten du euskara hemen zegoela garai horretan, eta XVIII. mendearen erdira arte iraun zuela ere”, argitu du Euskaltzaindiko Arabako ordezkariak, esanez uste duela Trebiñu Konderriko “ekialde gehienera zabaldu daitekeela egoera bertsua”.
“Guztiarekin ere, euskararen historia ez da berdin igaro Trebiñuko Konderri osoan (...) Lurraldearen sartaldeko muturrean ia ez dago euskal leku-izenen aztarrenik; bai, ordea, hortik ekialdera. Dokumentazioaren argitan, euskararen gehienezko hedapen historikoa Ozilla-Ladrera, Añastro, San Esteban eta Morgas herrien lerrotik bide zihoan, iparraldetik hegoaldera, herri horiek guztiak barne hartuz”, zehaztu du González de Viñasprek.
Bere ustez, “XVI. menderako galdua zen euskara mendebaleko herri gehienetan, eta galera Trebiñu hiribururaino iristen bide zen”, ohargarria baita “euskal izen ugari ematen dituela Trebiñurekin mugakide diren Arrieta, Askartza, Bustu, Dordoniz, Golernio eta Franku herrietan. Eta bereziki nabarmentzekoa da Trebiñu herriko mugapean ere badirela euskarazko izen ugari; batzuk bizirik iritsi dira gaur arte; beste batzuk bidean galdu dira”.
Honela, urte guzti hauetan eginiko ikerketen eskutik, euskaltzainak ondorioztatzen du “euskara Trebiñu Konderriko kultura ondarearen ezinbesteko osagai dela”, eta “ageriko errealitate linguistikoa da iraganean ez ezik orainean ere”, eta amaitu du esanez “euskararen geroa, komunikaziorako hizkuntza-sistema bezala, euskaldunok erabiliz ematen dioguna” izango dela, “baita Trebiñuko barrendegian” ere.
Nafarroako toponimia: Uxue
Patxi Salaberri euskaltzainak arrapostu egin dio González de Viñaspreren berbaldiari, modu bertsuan egin ere, hots, bere jatorria toponimiarekin eta euskararekin uztartuz. “Uste dut euskal izenek ekarri gintuztela euskararen mundura bai Roberto eta bai ni, adin bertsuan, gainera”, aitortu du Salaberrik: “Robertok bere buruari egiten zizkion galderak eta nik neureari egiten nizkionak ere paretsukoak dira: nolakoa zen hemengo hizkera? Non zegoen hizkuntza muga? Noiztsu lekutu zen euskara hemendik?”. Eta galdera horren hariari jarraiki ibili dira biak hango eta hemengo toponimia bilatzen eta ikertzen: Robertok Arabari heldu dion bitartean, Patxik Nafarroari oratu dio, bere arbasorik gehienak uxuetarrak baitziren (bitxikeria bat kontatu du: Uxueko dokumentazioan 1629an ageri da lehen aldiz Salaberri deitura). Honela, Salaberrik argitu du euskararen lehen aztarnak –idatziak, bederen– XVI. mendekoak direla: “Uxuen ez dugu halakorik eginesaldia dugu 1581ean (Monteano, 2017: 178), eta ondoko pasarte hau 1598an: alcabuz aldibateta arcabuzas es, estiot arcabuzau emanen, estate gure probechu arcabuzetara etorri bagajtes”. Eta edozenbat adibide eman ditu ondoren, luze-zabal aritu dela horretaz.
Salaberrik amaitu du esanez berak badakiela “gauza bana direla onomastika eta euskara arrunta”, baina badakiela, baita, “toponimian edireten ditugun gauza asko euskara bizirik egon den azken denboretako lekuan lekuko hizkeraren ezaugarriak direla, orain ikusi dugun bezala, fidagarriak, lurrari atxikirik daudelako”. Eta aztarna horiek guztiak “aintzat hartu behar liratekeela” adierazi du, “hein batean segurik, bai Araban (‘zazpigarren alaba’, Gorka Knörren kantuan) eta bai Nafarroan”. Bere erantzuna amaitu du Robertori goresmenak eskainiz, “Onomastika arlo izugarri polita baita, lantegi ikaragarria Euskaltzaindian”. “Baduzu non josta”, ohartarazi du.
Laburrean
Roberto González de Viñaspre euskal hizkuntzalaria eta euskaltzain osoa da. Araban bizi izan da gaztetatik, Trebiñuko Saseta herrian eta Gasteizen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2015eko uztailaren 17an eta oso 2018ko otsailaren 23an; gaur egun Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da. Lanbidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta IVAPeko hizkuntza-teknikaria izan da. Arabako toponimia sakon aztertu du, batez ere, Trebiñuko konderrikoa.