Azkuek gutun-eleberri bat ondu zuen euskal komunitateari luzatu nahi zion proposamena mamitzeko lantegi gisa. Horrela, eredua gauzatzeko eginkizuna hamahiru eskutitz idazten dituzten bederatzi pertsonaiaren esku uzten du, bere ahotsa ezabatzen duenaren itxura eginez. Gutun-egile horietako bat Medel Olazarreta da, ardi galdua, jaioterri zuen Leaburutik Kaliforniara emigratu eta protestante bihurtzean “artegitik” atera zena.
ELIXABETE PEREZ GAZTELU:
(Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea)
“Azkueren Ardi galduaren berrargitalpena edizio zaindua da, alde guztietatik”
Zeintzuk izan dira Ardi galduaren edizio berri hau argitaratzeko arrazoi nagusiak?
Alde batetik, hiru data nagusiren topagunea izan da joan zaigun 2018a: Resurreccion Maria Azkueren (Lekeitio, 1864 - Bilbo, 1951) Ardi
galdua lehen aldiz osorik argitaratu zela ehun urte betetzea; gainera, urte berean sortu zen Euskaltzaindia; eta euskara batzeko lehen saio arrakastatsua egin zeneko urteurrena ere izan da 2018a, 50 urte baitira, hain justu, Arantzazuko biltzarra egin zela. Horrek ere azaltzen du aitzinsolas modukoaren izenburuaren arrazoietako bat, 'Ardi galdua 2018an, Arantzazutik igarota'. Baina, bidenabar, esan dezagun hitz joko modukoa ere badela, kontakizunean Arantzazuk sekulako garrantzia baitu: Medel 'ardi galdu' protestantea Arantzazuko frantziskotarren laguntzaz itzultzen da bide zuzenera.
Beste arrazoi nagusi bat, arestiko guztiarekin batean, eskuragarritasuna da. Hainbat alderditatik hain interesgarria den Ardi galdua XXI. mendeko euskal irakurle alfabetatuak ez dauka aise irakurtzeko moduan, orain arte ez baita argitaratu izan euskara batuaren arauen arabera.
Ardi galdua Azkuek nahi zuen euskara batuaren “proposamen gauzatua eta praktikoa” omen, zure iritziko. Nolatan?
Ardi galdua ez da kode batuaren gaineko saiakera teorikoa; gauzatze praktikoa da. Kontakizunean erakusten du Azkuek nolako eredua nahi zuen, baina sarrera edo aurkezpen moduko gutunean berariaz argitzen ditu bere hautuaren arrazoiak. Lekeitiarrak gipuzkera osatua jotzen du begiz hil edo bizikotzat zuen euskararen batasunerako, Beterri inguruko (Urumea bazterreko) hizkera iruditzen zaiolako ulerterrazena euskaldun guztiontzat, erdigunekoa izaki. Eta gaineratzen du bere jaioterriko hizkera ez bada ere, horixe bultzatu behar dela. Hizkera hori hartu zuen ardatz eta 'osatu' zuen beste euskalki batzuetako (eta berak eratutako) hitzekin.
Esandako guztiak kontuan izanda, nolakoa izan da edizio lana?
Paratu dugun hau ez da edizio kritikoa, edizio gaurkotua baino. Gure balizko irakurleak ez du zertan aditua edo filologoa izan. Gaurko idatzarauen arabera egokituta dago testua, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Orotariko Euskal Hiztegia irizpide hartuta. Aldaketa nagusiak ortografiari (esan dezagun, bidenabar, Azkuek 'h' letra ere badarabilela, bi hitzetan) eta adizki sistemari dagozkio.
Eta aldaera biak, 1918koa eta 2018koa, aurrez aurre jarri dituzue, elkarren parean. Zergatik?
Interesgarria iruditu zaigu gaurko irakurleak bi aldaerak batean edukitzea. Horrela, ezkerraldean jatorrizko edizioaren faksimilea jaso dugu eta eskuinaldean gaurkotua, irakurleak, nahi izanez gero, konparatu ahal izan ditzan. Jatorrizko testuan oin-oharrak eta era bateko eta besteko deiak eginak zituen Azkuek. Gaurkotuan koloreen bitartez bereizi ditugu Azkueren ohar gisa guztietakoak (urdinez eman ditugu) eta gureak (beltzez). Jatorrizko partiturak eta irudiak ere jaso ditugu bi edizioetan. Ezin genion uko egin testu honetan ere hain garrantzitsua den Azkue musikazale, kantu-biltzaileari.
Horrek guztiak ere laguntzen du liburu hau polita, erakargarria, ere izatea. Ahalegindu gara edizio zaindua egiten, alde guztietatik.
Hizkuntzen erabilerak ere interesgarria egiten du Ardi galdua, ezta?
Ardi galdua ikerkizun interesgarria da hainbat arrazoigatik. Alderdi literarioa alde batera utzita, eta bakarra azpimarratzekotan, hizkuntzen erabilera aipa daiteke: latina, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta euskara elkarrekin bizi dira sortzelan honetan, zeinek bere funtzioa betetzen duela. Testu eleaniztuna da. Azkueren etorkizuneko euskaldunak euskara (Euskal Herrirako) eta ingelesa (mundu zabalean ibiltzeko) beharrezkoak ditu. Alde honetatik, bada, Azkue modernoa da.
--------------------
ANA TOLEDO:
(Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain osoa)
"Gasteizko gotzaindegiak zentsuratu zuen Ardi galdua"
Zer berrikuntza zekarren XX. mendeko euskal literaturara Ardi galduak?
Ardi galduako pertsonaia nagusia, izenburuak iragarritako ardi galdua, Medel Olazarreta da, eta XX. mendeko lehen erdiko gainerako pertsonaia nagusietatik bereizten da, ez dagoelako besterik ereduzkotasuna urratzen duenik. Medel Olazarretak ereduzkotasuna denboraldi batez galtzen badu ere, osterantzeko pertsonaia nagusiak istorioaren hasieratik bukaeraraino euskaldunak gorde beharko lituzkeen baloreak erakusten dituzte.
Halaber, pertsonaia nagusi hauek ez dira nahasten 'besteekin', tratu oro euskaldun katolikoen barrutira mugatuz. Medel Olazarreta, berriz, ‘besteekin’ nahasten da: alargun zela amerikar protestante batekin ezkontzen da, familia osatzeko eta baita dirua irabazteko ere, amerikar protestante batekin batera Leaburu hotela irekiz Sakramenton. 'Besteekin' nahasteaz gainera, osterantzeko pertsonaia nagusiek euskaldunen artean ezarritako hesi bat desegiten du. Landetxea eta kalea aurrez aurre jarrita zeuzkatenengandik urruntzen da biak batuz. Kaletik zetozen soinuak gaitzesten zituzten horien aurrean, Medel Olazarreta 'baserritar gentlemandua' bezala aurkezten dute. Beste berezitasun batzuk ere erantsi dakizkioke, baina, ez luzatzeko, bat baino ez: XX. mendearen lehen erdiko kontakizunetan bere herritarrekin lotura sendoa duen pertsonaia nagusi bakarra da, gainerakoek ez dutelako sortu erkideak erakartzeko ahalmena duen pertsonaia nagusirik.
Emakumezko pertsonaia bakarra dago eleberrian, profil berezia duena. Zer nolako pisua hartzen du kontakizunean?
Azkue Ardi galduan 13 gutunez baliatzen da istorio bat osatzeko. Hamahiru gutun soil; izan ere, ez dago, gutun horiek lotzeaz arduratuko den ahotsik ere. Horrenbestez, Azkuek gutun-egileen esku uzten du kontakizuna. Gutun horiek idazten dituzten bederatzi egileetatik bat bakarra da emakumezkoa: Isabel, Medel Olazarretaren lehen emaztearen ahizpa. Gutunotan aipatzen diren gainerako emakumeengandik jasotako ahotsa hitz gutxi batzuetara mugatzen da. Dena den, emakume euskaldun guztiak ezaugarri berbera partekatzen dute: jakin-mina. Isabel gutun-egilearen jakin-mina izango da beste pertsonaia batzuei oztopoak ekarriko dizkiena. Garaiko estereotipoaren arabera, lurpean gordeta baleude ere, emakumea jabetuko litzateke albiste horietaz. Ezaugarri honi Isabelen santukeria gehituz eratzen da istorio-eragilea.
Honela bada, Ardi galduako pertsonaia nagusia gizakumea da, Medel Olazarreta, eta Isabelen esku uzten da hastapenetako gutunei darien oreka giroa apurtzea eta pertsonaia desberdinei eragozpenak sorraraztea.
Nork eta zergatik zentsuratu zuen Ardi galdua?
Gasteizko gotzaindegiak zentsuratu zuen. Esan bezala, Isabelen jakingurak eta santukeriak eragindako ekintzak beste pertsonaia batzuk pairatuko dituzte. Horietako bat Leon Olazarreta da, Medelen semea eta Isabelen iloba. Isabel han eta hemen hasi zen zabaltzen Medel protestantea zelako berria, eta berri honek oztopoak jarriko ditu Leon Olazarreta apaizteko bidean. Ondorio horietako bat da Arabako herri txatxar batera destinatua izatea, Leonek bere jaioterrira joan nahi zuenean.
Gasteizko gotzaindegiko zentsoreak ez zuen egoki jo Leonen nahia bete zedin destino-aldaketa lortzeko ibilitako bidea. Beraz, baheak iragazten ez zuena honakora mugatzen zen: Elizaren gobernuko barne-erregela batekin laxotasunez jokatu izana.
Ezusteko honek berrogei bat lerro berri idaztera behartu zuen eta jada josita zegoen liburua puskatzera aurreko lerroak ordezkatzeko. Egoera gogorra Azkuerentzat. Eusebio Erkiagak dioenez, Gasteizera igorri zuen gutun batean honako hau idatzi zuen: “hurrengo nire nobelan, destinoa dalakoa lortzeko bitartekotzat, ez dot ez Kondesarik, ez Markesik, ez Ministrurik, ez Osiorik ta ez Paulorik izentauko”.