Euskaltzaindiak Resurreccion Maria Azkueren idazlan argitaratu guztiak katalogatu eta digitalizatu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu duen legez, Euskaltzaindiak Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin eta JAKINen eskutik bideratu du proiektua: “Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak bat egin dute, eta egitasmo honekin Azkue lehen euskaltzainburuaren izena eta izana (bir)gogorarazi nahi dituzte, haren lanak atondu eta teknologia berrien bitartez gizarte osoaren eskura jarriz. Aurrerantzean, haren lan argitaratuak sarean izango dira eta horretarako ezinbestekoa izan da JAKIN Fundazioaren laguntza, berak egin baitu digitalizazio lana eta atonketa”. Gaur aurkeztu den Ardi galdua eleberriaren berrargitalpena ere aipatu du Urrutiak: “Euskararen estandarizaziorako bidea ekarri zuen Azkuek proposaturiko gipuzkera osatuaren erakusle bikaina, hain zuzen ere, Ardi Galdua eleberria berragitaratu du Euskaltzaindiak Ana Toledo eta Elixabete Perez Gaztelu irakasle eta Euskaltzaindiko kideek egindako argitaraldi eder batez, testua ere orain dela ehun urteko eta gaurko ortografian emanez”. Azkue Biblioteka eta Artxiboarentzat izan dira euskaltzainburuaren azken berbak: “Akademiaren artxiboak Azkue zenaren gutunak eskaintzen ditu, sarearen bidez. Hortxe ikusten da haren izatea eta eitea, lekeitiar unibertsala izan zenaren eskutik”.
Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak ere Azkuek eginiko lana goraipatu du: “Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, Resurreccion Maria Azkueren lan eskerga, euskararen lurralde eremu osoaren eta euskaldun guztien ondare ezin galduzkoa izanik, eutsi eta zabaldu beharrekoa da, inolako zalantzarik gabe. Gaur aurkezten dugun digitalizazioari esker, bere ekoizpen intelektual-kulturala, ahozkoa zein idatzizkoa, edozein pertsonaren eta, batez ere, datozen belaunaldien esku geldituko da oso-osorik. Aitortza, beraz, Resurreccion Maria Azkueri, esker ona egindako lanari eta, nola ez, eskerrak Euskaltzaindiari ere gaur aurkezten dugun egitasmoa adostu eta aurrera eramateagatik.”
922 idazlan
Azkuek, bizi zen artean, 64 urtean argitaratu zuen. Lehen argitalpena 1888koa da, eta azkena 1951koa. Guztira, argitaratutako 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu dira. 922 idazlanak hamar multzotan sailkatu dira:
• Liburu enblematikoak: 32.
• Gainerako liburuak: 54.
• Liburuxkak: 23.
• Liburu zatiak: 27.
• Artikuluak: 742.
• Itzulpenak: 10.
• Editorea / Zuzendaria / Biltzailea: 5.
• Berrargitalpenak : 8.
• Egokitzapenak / Azkueren lanen itzulpenak: 12.
• Gutuneria argitaratua: 9.
Lau liburu enblematikoak. Edizio kanonikoak eta faksimileak
Azkueren liburuen artean, lau dira nagusi eta enblematikoak, beren neurri, bikaintasun eta eraginagatik: Diccionario vasco-español-francés, Cancionero popular vasco, Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza. Horrenbestez, bereizita aurkezten dira.
Lau liburu horiek hainbat argitalpen izan dituztenez, edizio kanonikoari eman zaio lehentasuna: Azkue bizi zen artean ateratako azken edizioa hartu da edizio kanonikotzat. Hauek dira:
• Diccionario vasco-español-francés: 1905-1906 (Egilea; Paul Geuthner. Bilbo; Paris).
• Cancionero popular vasco: 1922-1925 (Boileau & Bernasconi. Bartzelona).
• Morfología vasca: 1925 (Editorial Vasca. Bilbo).
• Euskalerriaren yakintza: 1935-1947 (Espasa Calpe. Madril).
Morfología vasca-ren kasua berezia da: lehen edizioa 1923-1925ean Euskera aldizkarian argitaratu zen atalka, eta ondoren, 1925ean, liburu formatuan kaleratu zen. 1925eko bigarren bertsio hori hartu da kanonikotzat.
Bestalde, lau liburu hauek hainbat berredizio izan dituzte 60ko eta 80ko hamarkadetan. Berredizio horiek guztiak, dena den, faksimileak dira. Gehienek edizio kanonikoan agertzen ez diren atal berriak dituzte: sarrerak, hitzaurreak edo bestelako lanak. Testu erantsi horiek ere, Azkuek berak idatzitakoak izan ez arren (bat izan ezik), bere obraren edizioen testuinguruan argitaratu direnez, katalogatu eta digitalizatu egin dira.
Azkueren beste liburu guztiak bi multzotan sailkatu dira, orrialde kopuruaren arabera:
• ‘Gainerako liburuak’ (54): 20 orrialdetik gorako argitalpenak.
• ‘Liburuxkak’ (23): 20 orrialdetik beherako argitalpenak.
Liburu zatiak eta artikuluak
Azkueren 27 liburu zati eta berak idatzitako 742 artikulu katalogatu eta digitalizatu dira. Lekeitiarraren artikulurik gehienak aldizkari hauetan agertu izan dira: Euskalzale (613); Euskera (48); Ibaizabal (31); Euskal-Erria (8) eta Euskal-Esnalea (8).
Aipamen berezia merezi dute Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariek. Izan ere, bi aldizkari horien zuzendaria izan zen Azkue (Ibaizabal Kirikiñorekin batera zuzendu zuen), eta hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen horietan.
Hori bai, ez da beti erraza izan Azkueren egiletza identifikatzea. Dagoeneko zalantzarik sortzen ez duten sinadurak hartu dira aintzat. Euskalzale-ren kasuan, bere izenaz gain –‘Azkue (R. M.)’, ‘A.’– hainbat goitizenez –‘Eketa’, ‘Basozale bat’, ‘Euskalzale’, ‘Tertzadun bat’, ‘Txirrist’, ‘Vascofillo’– sinatutako 613 artikulu katalogatu dira. Ibaizabal-en kasuan, ‘Eketa’ eta ‘Tertzadun bat’ goitizenez sinatutako 31 artikulu katalogatu dira.
Itzulpenak
Multzo honetan, Azkuek egindako hamar itzulpen katalogatu dira, baina liburu edo liburuxka formatukoak soilik. Hainbat artikuluk ere badute itzulpen izaera, batzuetan besteetan baino esplizituagoa, baina artikulu gisa multzokatu dira dagokien aldizkarian.
Bestelakoak: berredizioak, egokitzapenak...
Azkuek biltzaile eta editore gisa argitaratutako liburu bana ere katalogatu eta digitalizatu dira, bere idazlanen zortzi berrediziorekin batera.
Egokitzapenei dagokionez, hamaika izan dira katalogatu direnak, eta, horrezaz gain, Azkueren gutunak biltzen dituzten bederatzi argitalpen ere digitalizatu dira.
‘Ardi galdua’: euskara estandarizatu baten lehen proposamena
Euskaltzaindiaren sortzaile izan zen Resurreccion Maria Azkuek duela ehun urte idatzitako eleberriaren edizio berria argitaratu du Euskaltzaindiak. 1918an idatzitako kontakizuna da, euskara estandarizatu baten lehen proposamena. Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazlea eta Ana Toledo euskaltzain osoa arduratu dira edizio berria atontzeaz.
Ardi galduan (1918) jasotzen du euskara baturako egokien dakusan eredua: gipuzkera osotua; hau da, oinarri, gipuzkera, eta gainerako euskalkiak osagarri. Bere ahotsa ezabatu duen itxurara joz, gutun-eleberria ontzen du, eredua gauzatzeko eginkizuna hamahiru eskutitz idazten dituzten bederatzi pertsonaien esku utziz euskal komunitateari zuzendu nahi dion proposamena mamitzeko lantegia. Gutun-egile horietako bat (Medel Olazarreta) da ardi galdua, jaioterri zuen Leaburutik Kaliforniara emigratu ostean, protestante bihurtzean, artegitik atera zelako. Jada indiano zela, fedea berreskuratu zuen Arantzazuko frantziskotarrek emandako misioetan.