Larunbat arratsekoaz esan dezakeguna hauxe: Baigorriko Lagun Alai abesbatzaren kantaldia ederra, bikaina eta ona izan zela. Iparraldeko kantu herrikoi eta eliz-kantaz osaturiko errepertorio ederraz gozatzeko aukera izan zuen jendeak. Beste munduko pretentsiorik gabe, baina kantaldi ederra. Asmatu zuten. Eta gero, lagunarteko afaria herriko pilotalekuan.
Igandean, berriz, goizeko mendi ibilaldia, Urepele eta inguruak ezagutuz –edo eta gaztaina edo perretxiko batzuk bilduz–. 10:30etako mezan Xalbador eta Leoni, Arrosagaray, Alkat eta Mihura bertsolari zenduak gogoratu ziren, eta gure artetik joanak diren beste bertsolari eta lagun asko. Ondoren, lore eskaintza Xalbadorren hilobian, Loidisaletxe eta Gorrotxategiren bertsoz edertuta.
Eta jarraian, herriko eskolan bildu zirenek Arrosagaray, Alkat eta Mihura hobeki ezagutzeko aukera izan zuten, hitzaldi/solasaldi eta hiruen bertsoak gogoratuz, Laka bertsulariak kantatuta. Bat-bateko bertsolariak ziren hiruak ere, baina gazterik hilak, Xalbador bezalaxe: Arrosagaray, 49 urterekin hil zen; Alkat, 57rekin; eta 67 urte zituela Mihura. Hala ere, herriz herri egindako saioez gainera, idatzita ere bertso-altxor ederra utzita joan ziren: Bihotz barneko solasak (Arrosagaray, Auspoa 303), Ene ezkilen dangak, (Alkat, Auspoa 307), eta Bertsuaren eremua (Mihura, Auspoa 335) dira lekuko, inork jakin nahi balu ere. Azkenengo hau liburuan ere bai oraindik, baina beste biak Euskaltzaindiko eta Koldo Mitxelenako webguneetan ikus eta irakur daitezke, liburuak agortuta daude eta.
Gero, herriko plazan, dantzak eta herri-kirolak: Bilboko Salbatzaileak taldeko dantzarien saio bikaina, eta Mutriku eta Donazaharreko taldeen lehia eta ika-mika zein indartsuago, batean batek eta bestean besteak irabaziz saioak, dena emanez, Joxe Mari Egañaren zuzendaritzapean.
Lagunarteko bazkalostean, haurren txokoa alde batetik, eta bertsolarien saioa bestetik: Xebastian Lizaso, Amets Artzalluz, Joxe L. Gorrotxategi, Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe” eta Xan Alkat gazteak egin zuten ordubeteko saio bete-betea; eta saioaren azkenean uste ez genuena: Joxe Luis Gorrotxategiren azkenengo bertsoa jendaurrean, alafede:
Xalbadorrekin behin txapelketan, nintzala oso mutiko,
nik ekainaren hamaika daukat ondo gogoan betiko.
Orduan hasi nuen bidea gaur bukatzen da, ta kito!
Urtetan ere aurrera noa, ez naiz lehen bezain sasoiko.
Agur Xalbador, agur Urepel. Ez naiz berriz etorriko.
Malko batzuk, eta txaloaldi luze-luzea, benetakoa, osintxuarraren ibilbidea eskertzeko. Bejondeiala, Jose Luis. Nekez ahaztuko diagu momentu huraxe!
Ohitura den bezala, ”Agur jaunak” kantatu, eta erromeria, aspertu ezinik zeudenentzat, 2018ko Xalbadorren eguna amaitzeko.
Kronika labur hau amaitzeko, behin eta berriz eskerrak eman behar dizkiegu Mutriku eta Ondarroako taldeei. Ez da berriketakoa janariak eta otorduak prestatzen egiten duten ahalegina. Eta, nola ez, egun hau babesten duten Urepeleko Herriko Etxeari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Euskadi Irratiari, Euskaltzaindiari eta abarri ere bai, laguntasun horiek huts egiten duten egunean zaila izango baita Xalbadorren eguna onez onean antolatzea.
Mila esker denoi. Bejondeizuela.
Eta hainbat gure laguni, HURRENGO URTERA ARTE. Ez hutsik egin."
Joxemari Iriondo
Ohorezko euskaltzaina