Gaur, Gabriel Arestik bizi izan zituen garaiak gogoratu dira Bilboko Plaza Barrian; batez ere, 60ko eta 70ko hamarkadak, erabakigarriak izan baitziren euskalgintzan. Orduko hartan, gazte belaunaldi batek hartu zien lekukoa garai bateko idazle eta kulturgileei; inguruabar horretan sortu ziren, besteak beste, gau-eskolak, ikastolen mugimendua, Anaitasuna aldizkaria, Lur argitaletxea, Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak... Sasoi horretan antolatu zen, baita, Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko biltzarra, 1964an Baionan egin zenaren segida historikoa.
Gabriel Arestik berta-bertatik bizi izan zituen gertakari horiek, eta giro berriaz blaitu zen; blaitu bakarrik ez, bera izan baitzen suspertze prozesu horren eragileetako bat. Arestiren orduko ahaleginak azpimarratu eta euskal kulturaren abantean parte hartu zutenen lana gogoratu da gaurko jardunaldian. Bilboko Plaza Barrian izan dira Xabier Kintana, Maite idirin, Jokin Apalategi, Arantza Garmendia, Iñaki Zarraoa, Jose Ramon Etxebarria, Iñaki Aldekoa eta Kepa Martinez de Lagos.
Adierazpen batzuk
-Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea): "Bilbo zorretan dago Arestirekin, eta bere memoria eta obra berreskuratu behar ditugu".
-Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Aresti geure-geurea da, eta batuaren alde sutsuki egin zuen. Horretan jarraitzen du Euskaltzaindiak, denon hizkuntza bultzatu eta indartu nahian, euskal gizarteari zerbitzua eskaini nahian, bizkor eta zorrotz. Etorkizunean ere horretan agortuko ditugu indarrak, Arestik berak egin zuen legez”.
-Jose Ramon Etxebarria (ingeniaria eta idazlea): “Halabeharrez autodidaktak izan ginen frankismoan hazitako euskaltzaleok, Aresti bera bezala. Nik Anaitasuna aldizkariaren bidez ikasi nuen hiztegia, Imanol Berriatuaren eskutik”.
-Jokin Apalategi (soziologoa eta idazlea): "Jesus Altunaren eskutik Darwin-en berri izateak gogor eragin zidan. Tellechea Idigorasek ere, seminarioan, debekatuta zeuden Marx-en lanak erakutsi zizkidan. Erabat aldatu nintzen Parisen, unibertsitatean".
-Arantza Garmendia (irakaslea -SAIOKA proiektua-): "Patxi Altunaren 'Euskara, hire laguna' metodoarekin hasi ginen euskara irakasten, eta Gipuzkoatik Bilbora etorri ginenean, ez genuen dirurik kobratzen".
-Xabier Monasterio (Gabriel Aresti Elkartea): "Euskaltzaindia omendu nahi du gure elkarteak, baina, berarekin batera, urte zail eta makurrenetan irakaskuntzan, argitaletxeetan, hedabideetan eta beste arlo askotan gure izatearen zutabe den euskarari eusten jakin zuten gizon-emakume anonimoak ere omendu nahi ditugu".
-Iñaki Aldekoa (EHUko irakaslea eta editorea): "Hemen gogoratu beharko lirateke sasoi hartako 'gerra txikiak', gerra handia Francoren kontrakoa zelako. Baina antifrankismoaren lubakian denok anai ginenak, ez ginen inondik ere sentiberatasun politiko berekoak, eta diferentzia horiek plataforma kultural jakin batzuetan bideratu ziren. Urte haietan, 60ko urteak aurrera egin ahala, esango nuke kaleratu ziren diferentziak luze iraun zutela, agian gaur arte".