"Manex Pagola joan da. Bizi guztian zorrotz eta goxo izan zen gizona zen Manex, euskaltzale fidel, leial eta langilea", nabarmendu du Xarles Videgain euskaltzainburuordeak, kantari eta idazle baxenabartarraren izatea gogoratuz.
"Landibarreko semeak euskararekiko atxikimendua gazterik erakutsi zuen -zehaztu du Videgainek-. Eman dituen kantuak euskal tradizioan egonen dira betirako. Nork ez du kantatu Urtxintxa edo eta Azken dantza? Manex Pagola, bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015) liburuan agertzen dira asmatu zituen kantu anitz. Gitarrak lagundurik, kantuak berak ematen zituen edo lagunei kanta-arazten, arrakasta handiz".
Videgainek gogoratu du, baita, euskara eta Euskal Herria bi-biak maite zituela Manexek. Honela, "Enbata mugimendua hasi zelarik Ipar Euskal Herriko egoera inarrosten, Manex ez zen uzkur izan bere burua herriz herri aurkezteko eta bozketan abertzalegoaren mezua zabaltzeko. Denbora haietan ez zen erraza publikoki horrela agertzea, baina Manex ez zen aise konkortzen. Biltzarrez biltzar, urtez urte ibili da, beti karan eta plazent, beti aitzin. Bere eta orduko lagunen oldar hori emankorra izan dela gaur nornahik ikus lezake".
Politikaz at, Pagola kulturgintzan nabarmendu zen: "Kantuz, ekimenez eta buruz ari izan da Manex -aitortu du Videgainek-. Luzaz egon zen ofizioz Baionako Euskal Museoan eragile nagusi eta Unibertsitatean doktoretza erdietsi zuen bere herriari buruzko tesi ederra eginik. Duela gutxi, Euskaltzaindiak erabaki zuen Manex Pagola ohorezko euskaltzain izendatzea. Ez zuen gutxiago merezi. Euskarak, Euskal Herriak behar ditu Manex bezalako lagun eraginkorrak eta maitagarriak".
Bide beretik, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi du "Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren eragile fina" izan dela Pagola. "Euskal Museoan, idazkuntzan, musikagintzan,... euskararen kezka beti agerian. Alaia eta adeitsua zen, eta ez dugu haren irudia erraz ahaztuko", gaineratu du Urrutiak.