Bilbo, kresaletan
Bilbo Zaharra euskaltegiak hamaikagarrenez antolatu du Klasikoen Irakurraldi Jarraitua, Arriaga Antzokian. Aurten, Txomin Agirre idazle eta euskaltzain ondarroarraren Kresala hautatu dute. Keinu honekin, Euskaltzaindia omendu nahi izan dute, bere mendeurrenaren atarian.
Antolatzaileen ustez, eleberri hau aukeratzeko arrazoiak hurrengoak dira: “Klasikoa delako, bizkaieraz dagoelako, eleberri kostunbristaren ezaugarriak dituelako, erlijiotasun transzendente bat garatzen duelako, naturaz gaindiko indarren apologia egiten duelako eta irakurtzeko irrika sortzen duelako”, besteak beste. Kresalak hizkuntza aberats eta adierazgarria erabiltzen du, elkarrizketa biziak ditu eta bertan pertsonaiak euskaldun on eta txarraren prototipoak aurkitzen ditugu. Beraz, ez da aitzakia handirik behar ondarroarraren eleberria irakurri edo berrirakurtzeko.
Hona hemen Kresala-ren hasiera: "Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan. Bakean da geldirik egozan kale bazterretako paper, zotz, zakar, lasto, buruko ule ta maluta galdu guztiak, arrastaka ta bira-biraka ibilli ta gero, egazti biurtu gura baillirean, jaso ebazan aize orrek etxien buruak baño askozaz gorago".
Goizeko 08:00etan, Kirmen Uribek inauguratu du Irakurraldia, eta bere atzetik joan dira, erreskan, Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Euskaltzaindiko ordezkaritza Adolfo Arejitak, Xabier Kintanak eta Erramun Osak osatu dute.
Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia eta iaz Itxaro Bordaren %100 Basque irakurri izan dira.