Gaur, 2017ko Resurrección Maria Azkue Literatur Sariak banatu dira Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sari-emate ekitaldian egon dira, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gorka Martínez BBK Fundazioko burua.
Akademiak berak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusia. Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, betiere Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauek izan dira aurtengo epaimahaikoak:
A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni.
B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Parte hartzaileen artean “lan politak eta sakonak” egon direla nabarmendu dute epaimahaikideek, idazle gazteek “bihotzetik sortutako ideiak” maneiatzen dituztela azpimarratuz. Horrez gain, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela nabaritu izan dute. “Immigrazioa, gaixotasunak, buruaz beste egitea... Baina era berean munduari begiratzeko modu bizia dute, ohiko egoerei beste modu batera begiratzeko gaitasuna. Etorkizuneko euskal idazleak hemen daude”, ohartu dute epaileek.
A MAILAKO sariak
Narrazioaren alorrean:
- Lehen saria: Maitasun ahaztezina. Egilea: Maialen Leiza Irazusta (Oiartzun, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Maider Lekuona.
- Bigarren saria: Txiro naiz eta txikia naiz. Egilea: Uxue Etxebeste Usabiaga (Oiartzun, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Maider Lekuona.
- Hirugarren saria: Gora gure trena. Egilea: Uritz Aranbarri Lazkano (Azpeitia, Gipuzkoa). Urola ikastola. Irakaslea: Mikel Sarasua.
Olerkiaren alorra
- Lehen saria: Lehen eta orain. Egilea: Lur Lopez (Usurbil, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Maider Lekuona.
- Bigarren saria: Zu. Egilea: Goizalde Eizagirre Goikoetxea (Gernika-Lumo, Bizkaia). Seber Altube ikastola. Irakaslea: Jaime Bilbao.
- Hirugarren saria: Inork ez nau ezagutzen. Egilea: Ainhize Bengoa Gezuraga (Gernika-Lumo, Bizkaia). Seber Altube ikastola. Irakaslea: Jaime Bilbao.
(Irabazleen irakasle eta laguntzaileak, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta BBK-ko Gorka Martinezekin)
B MAILAko sariak:
Narrazioaren alorra
- Lehen saria: Kale berria. Egilea: Anne Arrizabalaga Ruiz (Oiartzun, Gipuzkoa). Haurtzaro ikastola. Irakaslea: Kristina Boan.
- Bigarren saria: Ez. Egilea: Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain, Gipuzkoa). Beasaingo Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Lurdes Larrarte.
- Hirugarren saria: Kaleidoskopioak. Egilea: Maialen Garaigordobil Urkiola (Otxandio, Bizkaia). Frai Juan de Zumarraga.
Olerkiaren alorra
- Lehen saria: Non zaude, Babilonia?. Egilea: Peru Amorrortu Barrenetxea (Gasteiz, Araba). Ekialdea Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Marilo Trigo.
- Bigarren saria: Ausartuko naiz. Egilea: Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain, Gipuzkoa). Beasaingo Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI). Irakaslea: Lurdes Larrarte.
- Hirugarren saria: Ez dakit. Egilea: Ainara Gómez Pacheco (Gasteiz, Araba). Armentia ikastola.
AZKUE SARIETARA AURKEZTUTAKO KOPURUAK
2009 – 219
2010 – 217
2011 – 157
2012 – 167
2013 – 173
2014 – 075
2015 – 088
2016 – 175
2017 - 151
'Bihotzetik sortutako ideiak' gailendu dira 2017ko Azkue Literatura sarietako olerki eta ipuinetan
Guztira 151 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta epaileek lanen sakontasuna nabarmendu dute. Horrez gain, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela azpimarratu dute.
A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Maialen Leiza -narrazioan- eta Lur Lopez -poesian- gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Anne Arrizabalaga -narrazioan- eta Peru Amorrortu -poesian- izan dira irabazleak.
Oiartzun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Otxandio eta Usurbilkoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak.
1991tik, Akademiak berak eta BBK Fundazioak antolatzen dituzten sari hauen xedea da idazle gazteak literatura mundura erakartzea.
"Segi literatura jorratzen, segi irudimena lantzen, zuek baitzarete etorkizuneko idazleak", adoretu ditu Andres Urrutia euskaltzainburuak.