Abenduaren 22ko Osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zuzenketak aurkeztu ziren, hain zuzen, azken urtean egindako hainbat zuzenketa- eta osatze-lan, bigarren argitalpenaren ondoren egindako berrikuspenaren ondorio izan direnak. Zuzenketa eta proposamen hauek guztiak urtarrilaren 26an egin zen Osoko bilkuran onartu ziren. Guztira, 446 forma begiratu eta zuzendu dira, eta 31 forma berri -sarrerak eta azpisarrerak- gehitu zaizkio Hiztegiaren bertsio elektronikoari (www.euskaltzaindia.eus).
Asko eta asko izan dira hilabeteotan landutako gaiak, baina arreta berezia jarri zaio genero-berdintasunaren kontuari. Izan ere, lehenengo itzulitik zetozen sarrerak dira gehienak, eta gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere aldatu egin dira.
Horiek horrela, familia-harremanetako gaurko errealitatera moldatu dira hainbat definizio. Adibidez: aitaginarreba, lehen “senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat” definitzen zena, orain “ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat” gisa jaso da; edo errain lehen “semearen emaztea” zen, baina orain “semearen edo alabaren emaztea” gisa jasotzen da, gizarte-ereduaren aldaketa hiztegira ekarrita.
Aldaketa hauek (eta beste batzuek) aztertu eta oharreztatu ditu Batzorde ahaldunduak, eta horiek guztiak aurkeztu ziren abenduko Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek zerrenda horiek ontzat eman dituzte eta Hiztegian ezarri dira. Aurrerantzean, urtean bi aldiz eguneratuko da Hiztegiaren bertsio elektronikoa.
SARRERAK
Ahatzarazi; apo hotz edo apo-hontz; basarrosa; deflazio; errate; ezpainestu edo ezpain-estu; ospitalario; subbarietate; subfamilia; subordena.
AZPISARRERAK
Amilotx urdin; batetik... bestetik; behe hodei edo behe-hodei; borroka arte edo borroka-arte; ekaitz magnetiko; hondar ekaitz edo hondar-ekaitz; trumoi ekaitz edo trumoi-ekaitz; estatu idazkari edo estatu-idazkari; final hamaseiren edo final-hamaseiren; gutxi batzuk; haratago; bokal harmonia edo bokal-harmonia; jantzian; kultura aniztasun edo kultura-aniztasun; momentuz; ogi beltz; ogi birrindu; ogi zuri; oroz; orozko; zurezko.
37.894 sarrera, 6.969 azpisarrera eta 61.499 adiera
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoari 2006an eman zitzaion hasiera, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarriturik. Horrek 2012an paperean argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia eman zuen. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu ziren eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera berrikusi eta osatu ziren.
Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu zen lehenengo aldiz. Ondotik, beste hitz asko osatu eta zuzendu dira. Azken bertsio elektroniko honetan, 37.894 sarrera, 6.969 azpisarrera eta 61.499 adiera daude guztira.
Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, 1991n hasi, eta etengabe, adieraz, adibidez eta azpisarreraz hornitzen dena. Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.