KARMEL aldizkariak JAGON jardunaldiak aztertu ditu
Beste behin, mamitsu dator Markina-Xemeingo karmeldarrek publikatzen duten aldizkaria, bere 300. ahaleginean. "Zenbaki biribilak etengabeko ekintzen bizitza adierazten du, urte askotako ekintza kulturala", diote arduradunek, eta gogoratu dute aldizkariak "egoera soziopolitiko txarretik" jaso ahal izan zuela burua, "nahiz eta mehatxupean egon...", eta adierazi dute "bizirik eta gogo handiz" bere fruituak gaur arte eskainiz jarraitu duela.
Beraien ibilbide luzea (1931n hasi zena) ere gogoratu dute 300.ean, eta zenbakiekin ilustratu dute eginiko ekarpena: 700 idazle, 5.000 idazlan inguru, 3.500 olerkitik gora publikatuak... Eta aurrerantzean ere zeregin horretan jarraitzeko asmoa erakusten dute zenbaki berrian, hots, euskara eta euskal kultura hauspotzen eta sustatzen jarraitzeko asmo irmoa.
Aurkibidean denetarik dugu: Xabier Amurizaren kultura-ekarpena aztertzen du Luis Baraiazarrak; Maite idazle mungiarraren kronikak; Javier Arrieta eta Joseba Aurkenerenaren ipuinak, Karlos Linazasororen eta Luis Baraiazarraren poemak; Pilare Baraiazarrak Iñaki Beristaini eskainitako bertsoak; edo Gasteizen Euskaltzaindiak azaroan antolatu zituen JAGON jardunaldien azterketa interesgarria, Iñaki Martinez de Lunak egina (Araba, euskaraz bidea egiten).