Pirinioetako Hizkuntzak erakusketa inauguratu du, gaur, Euskaltzaindiak. Baionako Euskal Museoak hartuko du egitasmoa, gaurtik hasi eta abenduaren 17a bitarte. Egitasmo hau Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearekin eta Euskal Museoarekin 2017rako adostutako ekimenen barnean kokatzen da, eta katalanaren, okzitanieraren, aragoieraren eta euskararen ezaugarriak eta bilakaera erakusten ditu, hainbat paneletan banatuta.
Pirinioetako hizkuntzak, euskara izan ezik, latinetik datoz. Mendeetako prozesu hori dela eta, lurraldeari begira hurbil dauden baina elkarren artean bereizirik dauden hizkuntzak sortu dira. Literaturaren bidez, hizkuntza horiek aurrera egin dute, eta, aldi berean, aberastu eta beraien muga linguistikoetatik kanpo zabaldu dira, kalitate artistikoa ere irabazi dutela. Pirinioetako Hizkuntzak erakusketak haien ezaugarrietako batzuk eta haien historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbiltzen ditu.
Horrela, bada, hizkuntza horietako bakoitza erabiltzen duten herrietako bizitza sozialean daukan erabileraren lekukotasunak eskaintzen dira, hala administrazioan, zientzian, irakaskuntzan nola, jakina, literatur genero guztietan daukaten presentziaren adibideak emanez. Akademiak sustatutako erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 17a arte egonen da zabalik (10:00-18:30), egunero, sarrera urririk izanen dela.