Beraz, gora egin du ezagutzak Araban, nabarmen. Aspalditik sumatzen den joera?
Goranzko joera hori ez da berria, ez, etengabe agertu baita azken 25 urteotan. Hortaz, euskararen biziberritze hori aspalditxotik dator.
Eta zeintzuk izan dira hobekuntza horren zergatiak?
Bilakaera hori batez ere haurren eta gazteen eskutik etorri da, horien artean gero eta gehiago delako euskaraz dakitenen proportzioa. Kasu gehienetan, gaitasun horren hedatzea eskolaren bitartez gertatzen da. Baina, aldi berean, bada beste dinamika berri bat, umeak euskaraz sozializatzeko oso baliotsua dena: guraso berri askori esker lehen hizkuntza euskara duten umeen proportzioa handituz joatea, hain zuzen. Ezin da ahaztu, azkenik, helduen euskalduntzeak ere asko laguntzen duela, eta, adibidez, mintzalagun programa sekulako arrakasta ari da izaten Araban.
Nork bultzatu du mugimendu hau?
Aurreko guztiak ahalbidetu du aukera eta dinamika berriak abiatzea, ahalegin horietan euskalgintza herritarra eta instituzionala bat eginez, gero eta sarriago. Izan ere, euskararen aldeko gizarte mugimendua egonkortzen eta osatzen joan da, pixkanaka. Aldi berean, erakundeetako euskara zerbitzu eta teknikarien sareekin ere antzera gertatu da.
Euskaldunak nork eta nola aktibatzen dira herrialdean?
Gakoak, nagusiki, bi dira: batetik, herritarren aktibismoa eta erakundeen lana, bi-biak, norabide berean joanez eta elkarren osagarri izatez; bestalde, Araban astiro-astiro joan dira hedatzen euskararen onarpen soziala eta aldeko jarrera; naturaltasunez, gorabehera handirik gabe. Ondorioz, euskalgintza herritarren eta instituzionalaren plan, ekintza eta ekimen berriak harrera ona eta eragina ari dira izaten, gero eta gizarte sektore zabalagoetan.
"ARABAN ASTIRO-ASTIRO JOAN DIRA HEDATZEN EUSKARAREN ONARPEN SOZIALA ETA ALDEKO JARRERA"
(XXII. Jagon jardunaldietan bete egin da Montehermoso-Euskararen Etxeko Ortuño Aretoa)
Komunikabideek paper garrantzitsua dute normalkuntzan. Azken urteotan, sumatu da aldaketarik sektorean?
Bai, euskara biziberritzeko esfortzuek gizartean oihartzuna izango badute, hedabideek ezinbesteko protagonista izan behar dute. Euskararen inguruko kezkak eta lorpenak gizarteak bere egin ditzan, hedabideen inplikazioa behar-beharrezkoa da. Horretaz jabetuta proiektu berri batzuk jarri dira martxan, hala nola ALEA, Hala Bedi2 edo Aiaraldeko hedabideak. Hiruak toki-hedabide motakoak izanik, duten erroka nagusia da gizarte sektore zabal edo gehienetara iristea.
Eta zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?
Erronka nagusia hauxe da: gero eta ugariagoak diren euskaldunak, erdararen ohiko harreman sareetan harrapatuta gelditu gabe, sare euskaldunetan txertatzen joatea; alegia, gaur egun euskaraz funtzionatzen duten guneak ‑eta sortu beharko diren beste hainbat‑ hiztun euskaldun berriez elikatzea. Beste modu batera esanda, euskaldundu diren haur eta gazteek euskaraz funtzionatzen dituzten egoerak edo bilguneak behar dituzte gizarte zabalean, hala nola aisialdian, ekintza kulturaletan, ikasketetan eta, urte gutxi barru, lan munduan. Horrela gertatu ezean, belaunaldi horiek euskalduntzeko egin diren ahaleginak alferrik izango dira, euskaldunak izanik ere erdaraz funtzionatuko dutelako. Euskara biziberritzeko arrakasta erabileran datza, ez ‑soilik‑ gaitasunean.