Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak Eusko Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmen markoa izenpetu dute, gaur, hitzarmen berri honek 2011n sinatutakoari jarraipena ematen diola (hitzarmen horrek bi urteko indarraldia ezarri zuen eta, harrezkero, ondoz ondoko epealdietan luzatua izan da). Euskararen Akademiak eginkizun garrantzitsua dauka aitortuta Gernikako Autonomia Estatutuan, bertako 6.4 artikuluan jasotzen denez ('Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale'), eta ardura horri eutsi nahi dio ondorengo urteetan. Era berean, Eusko Legebiltzarrak lankidetzazko harremana dauka Euskaltzaindiarekin, hitzarmen baten bidez 2011ko urtean zehaztu zena, euskararen sustapeneko lanak bultzatze eta erabiltze aldera, eta gaur sinatu den hitzarmenarekin hura berrituko da.
Urteotan, elkarlanerako esparru hau gauzatu da ekimen anizkunetan, hala nola, Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren garapena (euskaraz lan egiten duten ganbera legegile guztiek erabilitako erreferentziazko hiztegia), Linguae Vasconum Primitiae-ren euskaraz inprimatutako lehen liburuarekin 17 hizkuntzetara ekarrita egindako hiru argitalpenak eta Braille hizkuntzara egindako egokitzea; edo Euskararen Eguna ospatzeko egindako ekitaldiak.
Hitzarmen marko berriaren izenpetzearekin, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak elkarri euren ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote, eta, era berean, elkarlana bultzatuko da argitalpen arloan, baterako argitalpenak sustatuko direla. Horrez gain, bi erakundeak elkarlanean arituko dira euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko; lankidetza hori euskararen lurralde guztietako erakundeekin eta eragileekin partekatu nahi dute, betiere bakoitzak dituen prozedura-arauak errespetatuz. Bestetik, eta hitzarmen honen indarraldian, euskaraz sorturiko testu juridikoen erakusketa ibiltaria antolatzeko borondatea dute, bai eta X. Legegintzaldian Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa ontzeko eginiko urratsak eta sorturiko lanabesak baliatuz, izaera lexikografikoa duen hiztegi juridikoa ontzea ere.
Euskal gizarteari begira
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera beroa egin die euskaltzainei, eta aipatu ditu ondorengo urteetan jorratu beharreko kontuak: “Datozen lau urteetarako adostu dugun marko honetan helburu jakinak markatu ditugu. Bi azpimarratu nahi nituzke: euskaraz sorturiko testu juridikoen erakusketa, euskararen eremuko Ipar eta Hegoaldeko erakunde legegileekin elkarlanean gauzatuko duguna; eta Hiztegi Juridikoa”. Eta gaineratu zuen lan guzti hauen xede nagusia, hots, “euskaldunei, euskal herritarrei eta herri honen erakundeei zerbitzu ematea”.
Horiek guztiak gogoratuz abiatu du bere berbaldia Andres Urrutia euskaltzainburuak, izan ere, aspaldikoak dira Eusko Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren arteko harremanak. “Halakoxeak gorpuztu dira lankidetzarako hitzarmenetan eta horiek ekarri dituzten emaitzetan. Batzuk aipatzearren, Euskararen eta Etxepareren inguruan antolatu zen erakusketa, eta gerora egin ziren Etxepareren liburuaren argitalpenak”, adierazi du Urrutiak.
Ondoren, akordio markoaren berresteak ekarriko dituen onurak azpimarratu nahi izan ditu euskaltzainburuak: “Urte batzuen ondoren, berriro ere datoz Eusko Legebiltzarra eta Euskaltzaindia euren arteko harremanak berrestera eta aurreratzera. Harreman horietan, alabaina, helburu zehatzak garatu nahi ditugu bi erakundeok, gerora gizarteari berari eskaintzeko modukoak direnak”. Helburuak ezezik, ondorengo hilabeteetan gauzatuko diren egitasmoak aletu ditu Urrutiak: “Berrikitan ondu dugun euskarazko Hiztegi juridiko-parlamentario-ari segida eman nahi diogu eta, aurreko lan horretan sakonduz, legearen arloan egun ari diren eragile euskaldunak lanean jarri, euskarak lege munduan izan dezakeen ustezko hiztegi horretarako bestelako aurrerabideak jarriz. Zeregina, hortaz, argi dago: egunero erabiltzen dugun euskarazko hiztegi juridikoa landu eta euskara batuaren baitan kokatu.
Lankidetza-hitzarmena berresteaz gain, Euskaltzaindiaren Osoko bilkura ere hartu du Legebiltzarrak.
![Bakartxo Tejeriak eta Andres Urrutiak Tomas Moro aretoan sinatu dute akordio berria](/images/stories/plazaberri/2017/urria/FullSizeRender-2.jpg)
Euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatuko dituzte Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak
Bi erakundeek lankidetza-hitzarmena berritu dute, gaur, Legebiltzarreko Tomas Moro aretoan.
Lankidetza hau euskararen lurralde guztietako erakundeekin eta eragileekin partekatu nahi dute, betiere bakoitzak dituen prozedura-arauak errespetatuz.
Hitzarmen honen indarraldian, euskaraz sorturiko testu juridikoen erakusketa ibiltaria antolatzeko borondatea dute bi erakundeek.
Izaera lexikografikoa duen hiztegi juridikoa ere ondu nahi da.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Urte batzuen ondoren, berriro ere datoz Eusko Legebiltzarra eta Euskaltzaindia euren arteko harremanak berrestera eta aurreratzera. Harreman horietan, alabaina, helburu zehatzak garatu nahi ditugu bi erakundeok, gerora gizarteari berari eskaintzeko modukoak direnak”.
Bakartxo Tejeria (Eusko Legebiltzarreko lehendakaria): “Lan guzti hauek helburu bakarra dute: euskaldunei, euskal herritarrei eta herri honen erakundeei zerbitzu ematea”.
![Bakartxo Tejeriak eta Andres Urrutiak Tomas Moro aretoan sinatu dute akordio berria](/images/stories/plazaberri/2017/urria/FullSizeRender-2.jpg)