Beristain "euskal idazle fina eta esatari aparta" izan dela nabarmendu du Andres Urrutiak
70 urte zituela zendu da Iñaki Beristain errezildarra, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du Beristainek euskararen inguruko edozenbat proiektutan parte hartu zuela, eta esan du "euskal idazle fina eta esatari aparta" ere izan zela frantziskotarra. "Gozagarri osoa, ezbairik gabe, haren ezpainetatik fedearen mintzoa aditzea", azpimarratu du Urrutiak.
Bere aldeko hileta elizkizuna bihar izango da, irailak 26 dituela, Arantzazuko santutegian, 17:00etan.
Errezilen (Gipuzkoa) jaio zen Iñaki Beristain, 1947an. Hogei urterekin apaiztu eta Arantzazun egon da 1967tik, santutegiko bozeramaile aritu dela urte luzez. Besteak beste, Arantzazu aldizkariaren zuzendari ere izan da, eta EiTBko Egi bidean saioaren arduraduna, 1988tik.
Gaztetatik hasi zen euskarazko sorkuntzan. Erriberrin (Nafarroa) zela, Gure izarra aldizkarian aritu zen, eta ondoren Jakin aldizkarian ere jardun zuen. Duela urtebete argitaratu zuen bere azken liburua: Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari, Xabier Euzkitzerekin eta Eduardo Urarterekin batera. 1968an euskara batuari buruzko biltzarra egin zenean ere, hantxe izan zen Beristain, bere bihotzeko Arantzazun.