Jakina denez, larunbatean hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. aldia, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta abenduaren 17an amaituko da, Barakaldoko BECen jokatuko den finalarekin. Berrikuntza nabarmen bat ere badakar Txapelketa Nagusiak, aurrenekoz euskararen zazpi lurraldeetan izango baita.
Txapelketa Nagusiaren ibilbide gorabeheratsua 1935. urtean hasi zen. Euskaltzaleak taldeak eta Eusko Gaztedik elkarlanean antolatu zuten estreinakoa, eta Bertsolari Eguna izenarekin bataiatu zuten. Hurrengo urtean, 1936an, Euskaltzaleak taldeak hartu zuen antolaketaren ardura. Urte horietan, Basarri eta Txirrita izan ziren lehen txapeldunak, ordena horretan.
Gerrak eten zuen Txapelketaren jarduna, harik eta 1958an Euskaltzaindiak Txapelketaren ardura hartu zuen arte, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako txapelketak antolatuz. Honela, 1960an egin zen gerraosteko lehen Bertsolari Txapelketa Nagusia, 'Campeonato Mundial de Bertsolaris' jartzen zuela kartelean. Ezin ahaztu antolaketa lanetan euskaltzain bat aritu zela buru-belarri, lehen ordutik: Alfontso Irigoien bilbotarra.
1960koa izan zen aurrena, eta hurrenez hurren datoz 1962koa, 1965ekoa, 1967koa eta berriz ere, 12 urteko eten luzearen ondoren, 1980koa eta 1982koa. 1984an ere hasi zen hurrengoa prestatzen, baina, bertsolariekin desadostasunak sortu zirenez, bertan behera utzi zuten antolatzea.
Polemikak
Joan Mari Torrealdai euskaltzainak eta Imanol Murua kazetariak Euskaltzaindia, ekin eta jarrai liburuan agertzen duten legez, "Bertsolari Txapelketak nahikoa gorabeheratsuak izan dira orain baino lehen ere", eta gogoratzen dute "arazo gehienak edo denak epaimahaiaren erabakien inguruan" sortu zirela.
1962an Uztapidek irabazi zuenean, kolpe galanta jaso zuten Basarriren jarraitzaileek, eta baita Basarrik berak ere, txapelketatik erretiratu egin baitzen, betiko. 1965ean Mattin eta Lopategi azken saiora zein pasatuko egon eta aukeratua Mattin izan zenean, sekulako txistu saioa egin zuen jendeak.
Dena den, 1967an gertatutakoa izan zen polemika guztietatik zaratatsuena: Uztapiderekin batera Xalbador finalerako hautatu zutenean egin zitzaion bost minutu eta erdiko txistualdia, alegia. Xalbadorren bertso ospetsuari esker txistuak txalo bihurtu baziren ere, ondorio latzak izan zituen txistualdiak: hamabi urtean ez zuen erakundeak beste txapelketarik antolatu.
Aldaketak eta erreleboa
1980an berriro abian jarri zuenean, Euskaltzaindiak kanporaketen tradizioa hautsi zuen eta 'lehen mailako' hamasei bertsolari aukeratu zituen. Hurrengoan, 1982an, A eta B mailak bereizi zituen.
Torrealdaik eta Muruak beraien liburuan adierazten dutenez, "txapelketa horren biharamunean hasi zen eztabaida plazaratzen, puntuatzeko sistemaren argitasun falta zela eta. Haustura gertatu arte". Akordio batera heldu ezin, eta Euskaltzaindiak, maiatzaren 31n Bilbon egindako bileran, erretiratzea erabaki zuen. Hurrengo txapelketa bertsolari eta bertsozalez osaturiko batzorde batek antolatu zuen, eta hortik aurrera 1987an sortutako Bertsozaleen Elkarteak.
Euskaltzaindiak sei Bertsolari Txapelketa Nagusi antolatu zituen 1960tik 1982ra bitartean
Larunbat honetan hasiko den Txapelketa Nagusiak gorabehera ugari izan ditu bere ibilbidean zehar. Hasiera-hasieratik babestu du egitasmoa Euskaltzaindiak, eta 1960tik 1982ra sei Bertsolari Txapelketa Nagusi antolatu zituen.
Gaur egun, Santxotenak egindako eskultura -'Bertsolari'- oparitzen dio Euskaltzaindiak txapeldunari.
Idatzi iruzkina