Baionan aurkeztu da, gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) zortzigarren liburukia, eta horrekin batera argitaratu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak lan mardul bezain aberatsa.
Liburuki berriaren lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendari akademikoak azaldu bezala, “Atlas honen gai esparrua tradizioko munduari eta bizimoduari dagokio bete-betean, eta liburuki honen edukiak ere mundu aberats horretan murgiltzen gaitu lehen partean, berorren esparru batzuetan”.
Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, sukaldeko ontzi eta tresnak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburuan.
Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi (bereziki, sintaxiari dagozkionak) landu dira.
Hona hemen landutako gaien zerrenda:
- 41: belardia (16 galdera)
- 42: belar idorra (16 galdera)
- 43: laboreak (21 galdera)
- 44: uzta (7 galdera)
- 45: larraina (14 galdera)
- 46: mahastia (21 galdera)
- 47: ardoa (14 galdera)
- 48: sagardoa (13 galdera)
- 49: esnea eta gurina (7 galdera)
- 50: ogia (10 galdera)
- 51: ogia eta bizkotxoa (15 galdera)
- 52: sukaldekoak (32 galdera)
- 53: garbiketa (8 galdera)
- 54: lixiba (14 galdera)
- 55: josketa (17 galdera)
- 56: adabakiak (8 galdera)
- 57: artilea eta lihoa (18 galdera).
Sareko bertsioa eta soinuak
Mementoz, EHHAren zortzi liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, zortzigarrena gaur bertan jarri dira publikoaren eskura. Horrezaz gain, V. liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke. VI. liburukiaren audioak ere eskegita daude Euskaltzaindiaren webgunean.
145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak(EHHA) ahozko euskararen aldaerak (iraganekoak eta gaur-gaurkoak) mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).
- 2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
- Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astegunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
- Hirugarren liburukian (2011) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
- Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
- Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.
- Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.
- Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu honetan. Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira.
Baserriko zenbait lanabesen izenak biltzen ditu Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VIII. liburukiak
250 mapaz osaturiko liburuki berrian lexikoa da landutako arloa eta zenbait esparrutako hitzak eta esamoldeak jasotzen dira. Baserriko lanabes batzuen izenak bildu dira (sega-potoak, eskuareak, segak...), eta arlo bat baino gehiagotako prozesu eta langintzei buruzko informazioa ere ageri da (ardogintza, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...).
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak (iraganekoak eta gaur-gaurkoak) mapetan jasotzea du xede, eta argitaraturiko liburuki guztiak (mementoz, zortzi) kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren web orrian (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 6. liburukiko audioekin batera.
Adolfo Arejita (EHHAko zuzendaria): “Atlasaren balioa datza, besteak beste, erreferentziazko eduki bihurtu dela egungo eta geroko belaunaldiei buruz. Gure aitzineko euskaldun izan direnen ondare bizia dugu Atlasa, hala irakaskuntzan, hala aisialdian, hala bestelako euskara biziberritzeko ariketa eta jardueretan lagungarri eta osagarri gertatuko dena”.
Xabier Egibar (Laboral Kutxa Negozio Garapenerako zuzendaria): “Ohore bat da niretzat liburuki berri honen aurkezpenean egotea, hamabitik zortzigarrena dena, dudarik gabe Euskararen Herri Hizkeren Atlasari ikuspen handiagoa emango diona. Honelako proiektu bat borondate askori esker egiten da, eta, hain zuzen, Laboral Kutxaren betiko borondatea izan da ondare hau berreskuratu eta belaunaldi berrien eskura jartzea”.
X. Egibar: “Atlas honen balioa ez da bakarrik linguistikoa, gure arbasoen ekandu eta bizitza ezagutzeko aukera aparta ematen digulako. Honela, ezaugarri linguistikoei etnografikoak gehitzen zaizkie”.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Ipar Euskal Herrian aurkeztu da lehenengoz lan dialektologiko indartsuenaren ale berria, eta horrek erakusten du euskararen batasuna Euskal Herri osoan, eta erakusten du, baita, batasun horrek aniztasunean daukala oinarria”.