2016ko azaroaren 3an, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak erabaki zuen Luis Baraiazarra (Meñaka, 1940) idazle eta itzultzaileari ematea 2015eko Itzulpen Onenaren Sari Nazionala, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik. Baina goizean baieztatutakoa gauean ezeztatu zioten. Ministerioak aitortu zuen Baraiazarraren itzulpenak ez zuela betetzen sariketaren baldintzetako bat, hots, "atzerriko hizkuntza" batetik gaztelaniara, katalanera, galizierara edo euskarara itzulitako lanak sartzen direla bakarrik lehiaketan. Eta Santa Teresa Jesusenaren testu originalak, bistan denez, gaztelaniaz ziren. Orain, Ministerioak arau hori aldatzea erabaki du, azken Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) jakitera eman duenez.
Beraz, aurrerantzean Ministerioak aintzat hartuko du Estatu espainiarreko edozein hizkuntzatan itzultzen duen itzultzaile ororen lana, hizkuntza edozein izanda ere, hau da, berdin atzerrikoa zein Estatukoa. Honela, espainieratik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak ere sarituko dira aurrerantzean; eta alderantziz, berdin.
Ministerioaren erabakia jakin ostean, pozik agertu da Andres Urrutia euskaltzainburua: “Albiste pozgarria da, eta, Luis Baraiazarrarentzat berandu badator ere, ongi etorria da aldaketa, oraingoan ministroak Estatuko beste hizkuntza ofizialekiko sentsibilitatea erakutsi duelako”. Halaber, Urrutiak gogoratu du Euskaltzaindia eragilea izan dela kontu honetan, “iaz arte inork ez baitzuen arau-oinarri hori aldatzeko proposamenik egin”.
Oinarri-arauak aldatzeko eskakizuna
Iazko azaroan, Euskaltzaindiak gogor kritikatu zuen Ministerioaren erabaki latza eta oinarri-arauen aldrebeskeria, bide batez euskal itzultzaileen lana aldezten zuela, ozen. Ondoren, eta ohorezko euskaltzainari gertatutakoa ikusita, Sari Nazionalaren oinarri-arauak aztertu eta aldatzeko proposamena egin zion Andres Urrutia euskaltzainburuak Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari, azaroaren 16an bidalitako gutun baten bitartez. Gutun horretan gogoratzen zion ministroari ezinbestekoa dela “hizkuntzen eta kulturen arteko elkarbizitza eta errespetua praktikatzea”, finean, inork ez baitu "estimatzen ez aitortzen ezagutzen ez duena”.
“Egungo oinarri-arauek galegoz, katalanez, gaztelaniaz edo euskaraz idatzitako obren itzulpen-lanetan ari diren itzultzaile askoren esfortzua aitortzea eragozten dute”, nabarmendu zen idatzian, eta ministroari eskatu zitzaion “espainieratik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak ere saritu daitezen; eta alderantziz, berdin”.
Euskaltzaindiak azpimarratu zuen “erabaki honek ez liokeela garrantzirik eta osperik kenduko Sariari”, eta, aldiz, “pentsaezinak eta apartak diren lanak deskubritzeko aukera” emango lukeela.
Gogoratu behar da, baita, Luis Baraiazarrari saria ezeztatu izan ez baliote, euskarara itzulitako testu batek golardo hori jasoko lukeen lehen aldia izango zatekeela. Jakina denez, itzulpenak Santa Teresaren honako lanok jasotzen ditu: Bizitza liburua, Perfekzio bidea, Barne gaztelua, Fundazioak, Gutunak eta Arimako kontakizunak. Guztira, 1.852 orrialde betetzen dituen bost urteko esfortzu ikaragarria.
Zentzu honetan, Euskaltzaindiak jarraituko du euskal egileen lanak sustatzen eta aldezten, beraien lanek euskarari prestigioa eta hauspoa ematen dioten neurrian.
Itzulpen Onenaren Sari Nazionalaren oinarri-arauak aldatu ditu Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak
Honela, gaztelaniatik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak sarituko dira aurrerantzean; eta alderantziz, berdin.
Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainari iazko azaroan gertatutakoa gogoan (saria eman ostean, kendu egin zioten egun berean), Sari Nazionalaren oinarri-arauak aztertu eta aldatzeko proposamena egin zion Andres Urrutia euskaltzainburuak Iñigo Méndez de Vigo Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari, 2016ko azaroaren 16an bidalitako gutun baten bitartez.
Orduan, Euskaltzaindiak gogor kritikatu zuen gertatutakoa, eta ministroari eskatu zion oinarri-arauak azter eta alda zitzan, “espainieratik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak ere saritu daitezen; eta alderantziz, berdin”.
Ministerioaren erabakia jakin ostean, pozik agertu da Andres Urrutia: “Albiste pozgarria da, eta, Luis Baraiazarrarentzat berandu badator ere, ongi etorria da aldaketa, oraingoan ministroak Estatuko beste hizkuntza ofizialekiko sentsibilitatea eta errespetua erakutsi duelako”.