Karmele Goñi hil da, etnografiari emakume ukitua eman zion anderea
Gaur hil da Tolosako alaba, 91 urte zituela. Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du "emakume aparta" izan zela Karmele, "erresistentzia garaian euskal kulturaren aztarnak biltzen eta hurrengo belaunaldiei transmititzen saiatu zena". "Guretzat eredugarria eta erakargarria izan zen", aitortu du Urrutiak, eta eskatu du "ohorea eta gomuta berarentzat, aldirik zailenetan euskara eta euskal kultura sustatu zituelako".
"Emakume ukitua osotara", Elixabette Garmendiak 'Bidegileak' sailean aspaldi argitaratutako biografian azpimarratzen duen legez: "Etnografiaren barruan bereziki landu dituen ataletan, direla jaiotza eta heriotzarako erritualak, maitasun eta ezkontza kontuak, aisialdirako ohiturak edo osasuna zaintzeko erremediak eta, oro har, eguneroko bizitza xume bezain duinari dagozkion jokamoldeak... Horietan denetan, emakumearen ikuspuntua sartu du Karmele Goñik, gizonezkoek erreparatuko ez zituzketenak azalera ekarriz".
(Karmele Goñi, Bilboko Ospetsu izendatu zuten egunean. Argazkia: Euskal Museoa)